Politika -

Inbestidura

Javier de Andres izendatu dute Arabako ahaldun nagusi

EBk Nerea Galvez hautagai propioa babestu du, eta Javier de Andresek bigarren bozketa batean gehiengo sinplea lortu du, 25 boto. Xabier Agirrek (EAJ) 24 boto jaso ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusi aukeratu dute arratsaldean, lurralde horretako Batzar Nagusietan egindako inbestidura saioan. De Andresek ez du gehiengo absoluturik lortu aurreneko bozketan eta, ondorioz, bigarren itzuli bat beharrezkoa izan da.

Horrela, PPk boterea berreskuratu du Arabako Foru Aldundian, PSEk Javier de Andresen inbestidura babestu ostean, tirabira askoko osoko bilkuran. Izan ere, EBk hautagai propioari botoa eman dio, EAJrekin negoziaketek porrot egin eta gero.

Aldundia eskuinaren eskuetan uztea aurpegiratu diote EAJk eta Bilduk Ezker Batuari inbestidura saioan. EAJk botoak "ia doan" eskuratu behar zituela uste izan du, EBren hitzetan.

Maiatzaren 22ko hauteskundeetan PPk garaipena lortu zuen Araban, eta Gasteizko Udalean ere Gobernuan dago. EAJk ez du EBrekin akordiorik lortu eta horrek boterea galtzea ekarri dio.

Azkenik, EBk Nerea Galvez hautagai propioa babestu du, eta Javier de Andresek bigarren bozketa batean gehiengo sinplea lortu du, 25 boto (PPren 16 batzarkideak eta PSEren 9). Xabier Agirrek (EAJ) 24 boto jaso ditu (EAJren 13 ordezkariena eta Bilduren 11 batzarkideena).

Aurreneko adierazpenak

Erantzukizuna "ilusio handiarekin" hartzen duela adierazi du De Andresek, eta erabakiak hartzeko orduan zuhurtziaz jokatuko duela erantsi du. Era berean, Batzar Nagusietan adostasuna bilatuko duela azaldu du ahaldun nagusi berriak.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, maiatzaren 22ko hauteskundeek utzitako maparekin "akordioak eta adostasunak beharrezkoak" direla adierazi du De Andresek. Akordioak lortzeko "jarrerarik onena" duela gaineratu du agintariak.

Xabier Agirrek egindako salaketen inguruan galdetu diote ahaldun nagusi berriari, baina iritzirik ez ematea erabaki du De Andresek: "Ezer esateko ez dut", esan du.

Arabako diputatu nagusi berriak elkarrizketa eta adostasuna eskaini dizkie gainerako alderdiei, "gehiengo zabalak eta sendoak lortzeko asmoz". Bildurekin, berriz, ez du harremanetarako aukerarik ikusten, koalizioak ETAren indarkeria gaitzesten ez duen bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea