Politika -
Arabako Batzar Nagusiak
De Andresek elkarrizketa eskaini die EAJri, PSEri eta EBri
PP eta Bilduren arteko balizko harremana koalizioak ETAren indarkeriaren aurrean erakusten duen jarrerak baldintzatuta dagoela esan du. De Andres arratsaldean aukeratuko dute Arabako ahaldun nagusi.
Erredakzioa
Javier de Andres (PP) Arabako diputatu nagusigaiak elkarrizketa eta adostasuna eskaini dizkie gainerako alderdiei, "gehiengo zabalak eta sendoak lortzeko asmoz". Bildurekin, berriz, ez du harremanetarako aukerarik ikusten, koalizioak ETAren indarkeria gaitzesten ez duen bitartean.
Ezustekorik ez badago, De Andres izango da arratsalde honetako bozketaren ostean Arabako ahaldun nagusi berria.
Alderdi Popularrak 16 batzarkide ditu eta PSEko 9 ordezkarien babesa bermatuta dauka. Gauzak horrela, De Andresek 25 boto izango ditu eta gehiengo sinplearekin, bigarren bozketan, Arabako ahaldun nagusi aukeratuko dute.
EAJk, berriz, 13 batzarkide ditu eta Bilduren 11 batzarkideek botoa Xabier Agirreri emango ziotela iragarri zutenez, EAJren hautagaiak 24 bozka izango ditu. Agirrek Ezker Batuko bi ordezkarien botoak behar ditu Arabako ahaldun nagusi izateko, baina EBko militanteek atzo erabaki zutenaren arabera, ez da horrelakorik gertatuko.