Politika -
Arabako Batzar Nagusiak
Agirrek (EAJ) 'egonkortasuna' erraztea eskatu die gainerako alderdiei
Hautagai jeltzaleak ez dio EBrekin izandako alferrikako negoziazioak aipatu. Hala ere, bere hautagaitza gaur babesik ematen ez diotenekin ere "etorkizunean akordioak egiteko prest" dagoela esan du.
Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiko ''egonkortasuna'' lortzea gainontzeko alderdien esku utzi du Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusirako EAJko hautagaiak. Agirrek Aldundia zuzentzeko helburuari eutsi dio eta "eta posiblea den gaietan akordio aurrerakoiak" lortzearen alde agertu da.
Batzar Nagusietako bilkuran EAJren hautagaitza defendatu du Agirrek eta ahaldun nagusi ateraz gero, erabiliko lukeen programa azaltzen eman du denbora gehiena.
Hala ere, eta ezustekorik ez bada, Arabako ahaldun nagusia PPko Javier de Andres izango da, EB eta EAJren arteko negoziazioek porrot egin eta Ebko kideek Nerea Galvezi, euren hautagaiari, babesa ematea erabaki baitute.
"Egonkortasuna lortzeko bokazioa"
Agirrek ez du bere hitzaldian EBrekin izandako negoziazioa aipatu ere egin eta bere alderdia "erakundean egonkortasuna lortu eta arazoak konpontzeko bokazioa" duela azpimarratu du soilik.
"Egonkortasuna modu eta momentu ezberdinetan lortu daiteke", adierazi du EAJko hautagaiak. Bere ustez, egonkoratsun hori lortu ala ez, gainontzeko alderdiko kideei dagokie.
Horren harian, bere hautagaitza gaur babesik ematen ez diotenekin ere "etorkizunean akordioak egiteko prest" dagoela esan du, "erantzukizuna eta apaltasuna" oinarri hartuta.