Politika -

Arabako Batzar Nagusiak

EBk Bilduren eta PSEren babesa eskatu du, gobernu aurrerakoia osatzeko

Nerea Galvez (EB) ahaldun nagusigaia izan da lehendabizikoa hitz egiten Arabako Batzar Nagusiko osoko bilkuran. Ezustekorik ez badago, Javier de Andres (PP) izango da diputatu nagusi berria.

Nerea Galvez EBren Arabako ahaldun nagusigaia.
Nerea Galvez EBren Arabako ahaldun nagusigaia.
Nerea Galvez EBren Arabako ahaldun nagusigaia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Galvezek baieztatu egin du Ezker Batuaren bi botoak bere hautagaitza babesteko izango direla eta Bilduren eta PSEren botoak ere eskatu ditu Araban Gobernu aurrerakoia eta ezkertiarra osatu ahal izateko. Arabako Ezker Batuko militanteek euren hautagaia, Nerea Galvez, babestea erabaki zuten atzo egindako erreferendumean. Horrenbestez, Xabier Agirrek (EAJ) ez ditu EBko bi batzarkideen botoak jasoko eta, azkenean, Javier de Andres (PP) aukeratuko dute Arabako diputatu nagusi.

Alderdi Popularrak 16 batzarkide ditu eta PSEko 9 ordezkarien babesa bermatuta dauka. Gauzak horrela, De Andresek 25 boto izango ditu eta gehiengo sinplearekin, bigarren bozketan, Arabako ahaldun nagusi aukeratuko dute.

EAJk, berriz, 13 batzarkide ditu eta Bilduren 11 batzarkideek botoa Xabier Agirreri emango ziotela iragarri zutenez, EAJren hautagaiak 24 bozka izango ditu. Agirrek Ezker Batuko bi ordezkarien botoak behar ditu Arabako ahaldun nagusi izateko, baina EBko militanteek atzo erabaki zutenaren arabera, ez da horrelakorik gertatuko.

Hiru ahaldun nagusigaien artean, Nerea Galvez izan da hitza hartzen lehena eta 35 minutuko iraupena izan duen agerraldian bere proposamen azaldu ditu. Galvezek esan du Ezker Batuko militantziak argi adierazi duela programa aurrerakoi eta ezkertiar bakarra koalizioarena dela eta elkarrizketaren aldeko apustua egin du, "EAJk azken lau urteotan eraman duen politikaren aurrean".

Bilduk eta PSEk hautagaitzarik aurkeztu ez dutenez, EBren alde bozka dezatela eskatu die, Araban Gobernu aurrerakoia eta ezkertiarra osatu ahal izateko.

EBren proposamenak

Galvezek hainbat proposamen aurkeztu ditu, besteak beste, fiskalitateari lotutakoak, eta errenta altuenak dituztenek "gehiago laguntzeko" aldaketa bat eman behar dela azpimarratu du.

Hori dela eta, urtean 90.000 euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituztenei zergak igotzea babestu du, ondareen gaineko zerga berreskuratzea eta sozietateen gaineko zerga igotzea. Horrez gain, Arabako Diputazioan ''2.0 politika'' ezartzearen alde agertu da, "herritarren parte-hartzea benetakoa izan dadin". Gizarte politikak bultzatzea eta enpleguari lotutako plan bat abian jartzea dira Galvezek egindako beste proposamen batzuk. Garoñako zentral nuklearraren inguruan ekonomia suspertzeko plan bat prestatzea eta energia eolikoaren alde egitea ere proposatu du, izan ere, zentralaren itxiera 2013rako aurreikusita dago. Protesta

Bestalde, Arabako Batzar Nagusiaren kanpoaldean, goizeko 09:00etatik, Diputazioko garbiketa zerbitzuko langile azpikontratatuak elkarretaratzea egiten ari dira, hitzarmen kolektiboa aldarrikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea