Politika -

Gaitzespena

Maixabel Lasa: 'Fanatismoa eta intolerantzia ez dira desagertu'

Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariak Juan Mari Jauregui bere senarra zenaren omenezko monolitoak jasandako erasoa gaitzetsi du; horrelakoen aurrean "begiak ezin dira itxi", ohartarazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendariak Juan Mari Jauregui bere senarra zenaren omenez jarritako monolitoak jasandako erasoa gaitzetsi du. Maixabel Lasaren aburuz, gertakari hauek agerian uzten dutenez, "lurralde honetan fanatismoa eta intolerantzia ez dira desagertu".

"Gertatzen diren gauza batzuen aurrean ezin dira begiak itxi, eta hausnarketa politikoa eta morala merezi dute", adierazi du ohar batean. Gainera, erasoaren egileei "borroka" galduta dutela ohartarazi die "suntsitzen denero konponduko baita".

Juan Mari Jaureguiren omenezko monolitoa joan den astean suntsitu zuten, jarri zutenetik laugarrenez.

"Batzuek garai baten aldaeran gaudela diote eta horrelako gauzak iraganekoak direla; hori horrela izatea gustatuko litzaidake, baina horrelako gertaerak jazotzen direnean, nahiz eta bakanak izan, jendea ez isiltzea eta pentsatzen duena esatea gustatuko litzaidake", adierazi du Lasak oharrean. "Guztiok begiratu nahi diogu etorkizunari baikortasunez, baina ezin dira begiak itxi hausnarketa politikoa eta morala merezi duten gauza batzuen aurrean", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea