Politika -
Joan den astean izan zen
Laugarrenez suntsitu dute Juan Mari Jaureguiren omenezko monolitoa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak salatu du erasoa "faxista" izan dela, eta publikoki gaitzesteko dei egin dio Bilduri.
Erredakzioa
Juan Mari Jauregui ETAk 2000ko uztailean hildako politikari sozialistaren omenez Burnikurutzeta mendian dagoen monolitoa laugarrenez suntsitu dute duela zortzi urte jarri zutenetik.
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak errefusatu egin du erasoa, "faxista" izan dela gaineratu du, eta publikoki gaitzesteko dei egin dio Bilduri.
Herrizaingo Sailak azaldu duenez, erasoa joan den astean jazo zen, eta ondorioz, monolitoak kalte handiak izan ditu, aurreko aldian jasotakoen antzekoak. Eraso horren ondorioz, berreraiki egin behar izan zuten monolitoa. Oraingo honetan, gainera, plakaren zati bat ostu dute.
Monolitoa Burnikurutzeta mendian jarri zuten, Legorreta, Beizama eta Tolosa artean, Jaureguirentzat leku berezia zelako. Han bertan errautsak ere utzi zituzten, eta urtero lore eskaintza egiten diote.
Erasoaren berri izan eta gero, Roldo Aresek gaitzetsi egin du eta elkartasuna eta babesa agertu die Maixabel Lasa alargunari.
Aresen esanetan, "jasanezina" da "eraso faxista hauek" behin eta berriz errepikatzea, "atentatu larria" baitira terrorismoaren biktimen oroimenarentzat eta erakutsi egiten dute erasoak egiten dituztenen eta babesten dituztenen "koldarkeria eta intolerantzia".