Politika -
Espetxeetako Zuzendaritza
Gallizo: 'ETAk presoen gizarteratzea oztopatzen jarraitzen du'
Mercedes Gallizoren arabera, ETAk "kartzelan bizimodu normala egitea galarazten die presoei" eta horrela "bigarren zigor bat ezartzen die".
Erredakzioa
Mercedes Gallizo Espetxeetako Zuzendaritzako idazkari nagusiak esan du ETAk "presoen gizarteratzea oztopatzen" jarraitzen duela. "Bere iraganaz hausnarketa egitea galarazten die eta horrela bigarren zigor bat ezartzen die ETAk", adierazi du.
Gallizok nabarmendu du ETA dela presoei espetxean "bizimodu normal bat egitea galarazten diena eta, ondorioz, haien gizarteratzea oztopatzen duena". "Harritzekoa da presoen kolektibo batek egindako delituengatik epaileak ezarritako zigorra betetzeaz gain, bere erakundeak ezartzen dien bigarren zigor bat betetzera behartuta ikustea", erantsi du. "ETAko presoek ezin dute bizimodu normala egin, ezin dute jarduera ezberdinetan parte hartu, ezin dira integratu, ezin dute beren etorkizunagatik lan egin eta ezin dute euren iraganaz hausnartu. Ulertezina deritzot eta uste dut gero eta jende gehiagorentzat dela onartezina, norbanakoaren askatasuna oinarrizkoa baita", azaldu du.