Politika -
Manifestazioa, Donostian
Milaka pertsonak 'Bateragune' auziko akusatuen absoluzioa eskatu du
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batera, Ezker Batuko Javier Madrazo, CCOOko Jesus Uzkudun eta ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Tasio Erkizia izan dira, besteak beste.
Erredakzioa
Milaka pertsonak ''Bateragune'' auziko akusatuen absoluzioa eskatu du Donostian egindako manifestazioan. ''Bateragune'' auzian ezker abertzaleko zenbait kide epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean.
Parte hartzaileak Antiguoko tuneletik atera dira independentziaren aldeko oihuen artean eta "Epaiketa politikorik ez. Aterabideak aurrera" lelopean. Pankarta manifestazioa deitu dutenek eraman dute: Ezker Batuko Javier Madrazok, CCOOko Jesus Uzkudunek, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohiak eta Ramon Labaien Donostiako alkate ohiak.
Manifestazioan izan dira, besteak beste, EA, Alternatiba eta Ezker Batuko agintariak, baita ezker abertzaleko ordezkariak ere, Rufi Etxeberria eta Tasio Erkizia esaterako.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan egon da aske dauden lau auzipetuekin batera: Rafa Diez, Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal.
Manifestazioa 19:00etan amaitu da, Boulevarrean. Bertan komunikatu bat irakurri dute Kontxita Beitia andereñoak eta Xabier Oleaga kazetariak.
"Aintzat hartu dezatela"
Bildutakoei eskerrak eman ondoren, komunikatu horretan "euskal gizartearen kontzientzia kritikoa azalerazi" eta Espainiako Justiziari helarazteko garaia dela adierazi dute. "Gaurko deialdiak oihartzun eztabaidaezina izan du, aintzat hartu dezatela hori", gaineratu dute.
Era berean, "Bateragune bezalako epaiketa politikorik" ez dutela nahi azpimarratu dute, horrelakoak "iraganeko" kontuak direlako. Ondorioz, "Euskal herritarrentzako demokrazia" eskatu eta "pertsona guztientzako" giza eskubideen alde egin dute.