Politika -
Bateragune auziko epaiketa
'Otegik bazekien subiranotasuna eta indarkeria bateraezinak direla'
Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak azaldu duenez, 2008an Otegi espetxean bisitatu zuenean, hark "oso argi" zuen soilik bide "demokratiko, zibil eta politikoaren alde" egiteko apostua.
Erredakzioa
Bateragune auziko epaiketaren bosgarren eguna. Saioa 10:25ean hasi da, eta gaur defentsaren 20 bat lekukok deklaratuko dute, tartean Pello Urizar EAko idazkari nagusiak.
Saioan, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak azaldu du 2008an espetxera joan zela Arnaldo Otegi bisitatzera, eta orduan Batasuneko bozeramaile ohiak hausnarketa "oso garatua, heldua eta koherentea" zuela.
Elorrietaren hitzetan, garai horretan Otegik "oso argi" zeukan solik bide "politiko, zibil eta demokratiko"en aldeko apustua.
"Subiranotasuna eta estrategia politiko-militarra bateraezinak dira. Otegik jakin bazekien, ez da ergela", gaineratu du.
Bisita horretan (Txiki Muñoz ELAko egungo idazkari nagusiarekin joan zen), atzeman egin zituen gaur egungo egoera ulertzeko "gakoak".
Elorrietak Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia ere hartu du hizpide, eta indarkeriaren aurkako konpromisoa "urte askotakoa" duela esan du: "Hau egin bada [indarkeria errefusatzea], Rafak eta beste hainbat pertsonak luzez egindako lanari esker izan da".
Unai Ziarreta EAko presidente ohiaren hitzetan, Bildu "soilik bide baketsu eta demokratikoen" bitartezko indar politikoen eta ezker abertzalearen arteko lankidetzaren ondoriozko "hauteskunde eredu arrakastatsua" da.
Defentsaren galderei erantzunez, Ziarretak esan du EAk "indar abertzaleak" batzearen alde egin duela beti. Ildo horretan, 2001etik EAJrekin jorratzen saiatu diren "bidea" dela esan du, baina "ez zuela gehiago eman", gaineratu du.
Hori dela eta, 2008an Otegi bisitatu zuen kartzelan, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta lankidetza politikoa abian jartzeko" beharra azaltzeko. Ekintza horiek "hauteskundeetan zehaztu beharko lirateke", gaineratu du.
"Otegirekin egon ostean, Arnaldok nik izan nezakeen planteamendu politiko berdina zuela konturatu nintzen", azaldu du.
Ildo horretan, "emaitzak mahai gainean" daudela, hauteskundeak izan direla, eta "eredu arrakastatsua" izan dela esan du.
Bestalde, Rafa Larreina EAko Parlamentuko koordinatzaile ohiaren esanetan, 2008an eta 2009an akordioa lortu zuten ezker abertzalearekin alderdi horretako sektore batek bide baketsuen alde egindako zintzotasun "berme nahikoa" ematen zela uste zuelako.
Dena den, Larreinaren esanetan, Otegik eta Rodriguezek bide baketsuak defendatzen zituztela uste zuen, baina "berme batzuk" eskatzen genituen, eta une horretan, EAko zenbaitek uste zuten berme horiek ez zirela nahikoak eta horregatik ez zuten akordioa adostu".
Besteak beste, Txiki Muñozek (ELA), Ainhoa Etxaidek (LAB), Unai Sordok (CCOO) eta Tasio Erkiziak ere deklaratuko dute gaur.
Atzoko saioan poliziek eta defentsaren lehen lekukoek deklaratu zuten.
Saioko deklarazio adierazgarriena poliziaburu batek egin zuen. Izan ere, lekukoak aitortu egin zuen atxiloketen egunean ez zutela Rafa Diez, Rufi Etxeberria eta Ainara Aoiz atzemateko agindurik.
Halaber, bere esanetan, atxiloketak egin baino lau egun lehenago, ikertzaileek uste zuten Amaia Esnal auzipetua ez zela Bateraguneko kide.