Politika -
Ez dago akordiorik Bildurekin
Gipuzkoan oposizioan arituko dela iragarri du Aralarrek
"Eskuak aske dituela, oposizio konstruktiboa egiteko eta ezberdinen arteko akordioak lortzeko borondatearekin" lan egingo duela azaldu du alderdi abertzaleak.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundian datorren legealdirako aldebiko akordio bat lortu nahian agiriak partekatu eta zenbait bilera izan dituzte Bilduko eta Aralarreko ordezkariek, baina ez dute adostasunik lortu. Ondorioz, oposiziotik bere programa politikoa lantzen eta defendatzen jarraituko du Aralarrek.
"Eskuak aske dituela, oposizio konstruktiboa egiteko eta ezberdinen arteko akordioak lortzeko borondatearekin, bakea atzera bueltarik ez izateko eta gure herriaren erabakitzeko eskubidea onartzeko helburuarekin" lan egingo duela azaldu du alderdi abertzaleak komunikatu batean.
Era berean, politika publikoek ezkerrera okertzea bilatuko du Aralarrek, aldaketa sozio-politiko bat ahalbidetzeko. "Helburu hori lortzeko hitz egiteko prest jarraituko dugu", azaldu dute.