Politika -

Bateragune auziko epaiketa

'Otegik indarkeria politikoa baztertzeko beharra proposatu zuen'

Miren Zabaletak esan du Otegi izan zela "eztabaidari zentzua eman ziona". Angela Murillok "indarkeria politikoa" zer den galdetu dio: "Tiro bat garondoan, hori da?"

Miren Zabaleta, gaurko deklarazioan. EITB
Miren Zabaleta, gaurko deklarazioan. EITB
Miren Zabaleta, gaurko deklarazioan. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionala Bateragune auziko epaiketaren bigarren saioa egiten ari da une honetan.

Gaurko saioan, atzo deklaratu ez zuten bi auzipetuek deklaratu behar dute, hau da, Jose Manuel Serrak eta Miren Zabaletak.

Serra izan da deklaratzen lehena. Ukatu egin du Bateragunen parte hartu izana, eta atxilotu zuten egunean lan kontuak direla medio joan zela LABen Donostiako egoitzara gaineratu du.

Miren Zabaleta defentsaren galderei erantzuten ari da orain.

Zabaletak azaldu duenez, Sonia Jacintok jarri zuen Otegirekin harremanetan. Batasuneko bozeramaile ohiak "gatazkaren blokeoa" ikusten zuela esan zion eta "indarkeria politikoa baztertzeko beharra" proposatu.

Era berean, ezker abertzalean eztabaidak hartu zuen "tamainaz harrituta" geratu zela esan du. "Eztabaida horretan parte hartu nahi ote nuen galdetu zidaten eta baietz erantzun nuen", adierazi du Zabaletak. Bere lana "iritziak bildu eta planteatzen ari ginen txostenarekin bat egiten ote zuten" ikustea omen zen.

"Arnaldo Otegi izan zen ezker abertzalearen baitako eztabaidari zentzua eman ziona eta meloia irekitzeko beharra agertu zuena", gaineratu du.

Deklarazioa amaitutakoan, Angela Murillo epaileak "indarkeria politikoa" zer den galdetu dio Zabaletari: "Tiro bat garondoan? Atentatu bat? Hori da?".

Auzipetuak esan du "arrazoi politikoak" dituen indarkeria dela. "Baina ''indarkeria'' ere esan daiteke, kalifikatzaile barik. Ezker abertzalea edozein indarkeriaren aurka dago, berdin zait zein".

Atzoko saioa

Atzoko saioan, lehen sei auzipetuek ukatu egin zuten Bateraguneko kide zirela. Euren esanetan, Bateragune "Ekineko barne egitura bat" zen, baina haiek "autonomoak" ziren eta ez zeuden "inoren menpe".

Hain zuzen ere, "eztabaida eta hausnarketa talde bat" zirela esan zuten ["Otegiren taldea deitzen ziguten", Arkaitz Rodriguezek azaldu zuenez], eta haien helburua ETArekin lotura "haustea" zen.

Otegik adierazi zuen berak gidatu zuen estrategia berria ETA aurka egonda abiatu zutela, eta proiektu horrek indarkeria "behin betiko" desagertzea behar zuela gaineratu zuen.

Buruzagi abertzaleak ETAtik guztiz bereizi direla erakusten saiatu zen, eta zeregin horretan hainbat adierazpen zorrotz egin zituen, honakoak, kasu: "ETAk uste du indar batuketa borroka armatuari eutsiz lor daitekeela, baina guk ez"; "Indarkeriaren erabilpenak ez ditu arazoak konpontzen, are gehiago, zaildu egiten ditu"; "Tregoa partzialen estrategiek ez dute balio, indarkeriara itzultzeak proiektua erreko lukeelako eta suizidioa izango litzatekeelako".

Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak zehaztu zutenez, indarkeria errefusatzeko hausnarketa ETAk Barajasen atentatua egin eta gero abiatu zuten, Otegi eta bera "hunkituta" geratu baitziren.

Otegik, Diezek eta Rodriguezek ez ezik, Sonia Jacintok, Amaia Esnalek eta Txelui Morenok ere deklaratu zuten atzo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea