Politika -

Elkarrizketa ETB-2n

Garitano: 'Euskal gizarteak irtenbide bat bilatzeko grina du'

"Bildu bide demokratiko eta politikoen defentsan kategorikoa" dela azpimarratu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. "Printzipio horiek gogor defendatuko" dituztela agindu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal gizartea irtenbide baten egarri" dela adierazi du gaur Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. "Jendeak ez du gatazka gehiagorik nahi, izan ere, sufrimendua aldeaniztuna da", azaldu du. "Bilduk konponbidearen aldeko pausoak ematen dituela ulertu du jendeak eta euren konfiantza eman digute", erantsi du.

ETB-2ko ''Plato 2.0'' saioan elkarrizketatu dute Garitano. "Bildu bide demokratiko eta politikoen defentsan kategorikoa" dela azpimarratu du Gipuzkoako diputatu nagusiak. "Printzipio horiek gogor defendatuko" dituztela agindu du Garitanok. Hala ere, "beste egoerarik errepikatuko ez" dela uste du agintariak, "ez da berriro gertatuko".

"Erakundean dudan erantzukizunetik ez dut giro positiborik sortu behar, Bilduk ETAri indarkeria behin betiko utz dezan eskatu dio, baita nik eta Otegik ere", errepikatu du koalizioak erakunde terroristaren aurrean duen jarrerari buruz.

Otegi espetxetik atera ezkero zer gertatuko litzateke galdetu diote Garitanori. Gipuzkoako agintariaren hitzetan, buruzagi abertzaleak "politika kaletik egingo luke, eta ez kartzelatik orain arte egin bezala, bere garaian Nelson Mandelak egin zuen bezala". "Herri honetan bakea urrun baino gertu egoteko ekarpena egin du Otegik", adierazi du.

Programa

"Bilduk ez du inprobisatuko", errepikatu du Garitanok. "Ekintzarako programa bat argitaratu eta idatzi dugu", gaineratu du. "Zerga politikan, azpiegituretan, zaborren kudeaketan… egin beharreko aldaketak azaldu ditugu, gai horiei buruz asko hitz egin dut kanpainan", azaldu du.

"Zerga araudia aldatzeko borondaterik ez da izan orain arte", Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ahotan. "Iruzurra ez da saihestezina, baina sozialki nolabaiteko onarpena du", azpimarratu du. "Iruzurraren aurka borroka egingo dugu, ikerketaren eta zigorraren bidez", erantsi du.

Gainera, zergak igotzea beharrezkoa dela azaldu du Garitanok, besteak beste, sozietateen eta ondarearen gaineko zergak aipatu ditu. "Justizia argudioekin birbanatzeko dirua biltzea beharrezkoa da", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea