Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Otegirekin batera indarkeriarekin apurtzea sustatu zuela dio Diezek

LABeko idazkari nagusiak azaldu duenez, Otegi eta bera "hunkituta" zeuden ETAk 2006ko su-etena hautsi zuenean, eta orduantxe abiatu zuten indarkeria errefusatzeko eztabaida.

Aske zeuden auzipetuak eta abokatuak, Auzitegi Nazionalera iristen. EITB
Aske zeuden auzipetuak eta abokatuak, Auzitegi Nazionalera iristen. EITB
'Bateragune' auzia: Rafa Diezek bere akobatuaren galderei erantzun die

01:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari nagusi ohiak adierazi du bere helburua eta Bateragune auziko beste zazpi auzipetuena ezker abertzalean indarkeriarekin amaitzeko eztabaida abiatzea izan dela.

Diez Usabiaga deklaratzen lehena izan da gaur, Bateragune auziko epaiketaren lehen saioan. Guztira 9 saio egingo dituzte, uztailaren 7a arte.

Buruzagi abertzalearen esanetan, auzipetuak "autonomoak" izan ziren eta ez zeuden inoren "menpe".

Diezek azaldu du Bateragune "Ekineko barne egitura bat" zela, baina ukatu egin du horren partaide edo Ekineko kide dela.

Auzipetua harro agertu da bake "atzeraezina" eta konponbideak lortzen saiatzeko egindako lanarekin.

Bere esanetan, Barajaseko atentatuarekin ETAk su-etena hautsi eta gero, bera eta Otegi "hunkituta" zeuden, bake-prozesu horrekin itxaropen handiak piztu baitziren euskal gizartean, eta, ondorioz, ezker abertzaleak "eztabaida historikoa" egitea pentsatu zuen, estrategia aldatzeko.

Jarrera horrek "tentsioak" sortu zituen ezker abertzalean, baina "oso argi" zeukaten euren apustua ez zela bateragarria ETAren "borroka armatuarekin".

"Oso argi geneukan eztabaidak argia eta zorrotza izan behar zuela. Aurreko estrategiak, batik bat borroka armatua, ez ziren bateragarriak", esan du du, hain zuzen ere.

Otegi eta bera "animalia politikoak" direla esan du, eta eurek beraiek abiatu zuten "eztabaida politikoa" ezker abertzalean. Estrategia "autonomiaz eta inoren zaintza gabe" garatu zuten, "behin betiko bakea eta konponbide demokratikoak" lortzeko helburuz.

Rafa Diezen deklarazioaren ostean, hurrengoak hauek izango dira, hurrenez hurren: Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Miren Zabaleta.

"Eztabaida eta gogoeta talde"

Bestalde, gaur Arkaitz Rodriguezek esan du berak eta gainerako auziperatuak Otegik zuzendutako eztabaida eta gogoeta talde batean parte zirela; halaber, ETAren aginduak betetzen zituztenik ukatu du.

"Otegiren taldea deitzen gintuzten", esan du Rodriguezek, baina ukatu du "ezker abertzalearen batzorde iraunkorra edo koordinazio batzordea" zirenik, hori baita fiskalak uste duena. Halaber, ETAren aginduak edo araurik betetzen zutenik errefusatu du.

2008an Otegi kartzelatik atera ostean harremanetan jarri zen Batasunako bozeramaile ohiarekin, Sonia Jacinto auziperatuaren bidez; aurreko hilabeteetan Otegik bere "gogoetak" helarazi zizkion Jacintori kartzelatik.

"Gogoeta zehatzak ziren, ezker abertzalearen barruan sakoneko eztabaida hasteko beharrari buruzkoak, une horretara arteko estrategia gainditzeko asmoarekin abian jarritakoak eta soilik bide politikoa eta demokratikoa erabiliz", esan du.

Rodriguezen hitzetan, "erabat" bat zetorren Otegiren diagnostikoarekin, eta taldean eztabaida abiatzeko "bere izenean" sartu zela esan du.

Estrategiaren aldaketarako baldintzak eman zirela uste izan zutenean, taldekideak "Estatuak Euskal Herriaren eremu demokratikoa errespetatzeko indar metaketa" behar zela ondorioztatu zuten, azaldu du Rodriguezek.

"Hori bide politiko eta baketsuen bidez soilik lortu ahal zen, ezker abertzaleaz gain sektore askok parte hartu ahal izateko", esan du. "Horrek estrategia militarrarekin talka egiten zuen", gaineratu du.

Orduan, Eusko Alkartasuneko Rafa Larreina edo Unai Ziarretarekin harremetan jarri ziren .

Fiskaltzak 10 urte eskatu ditu

Fiskalak 10na urteko kartzela zigorra eskatzen du legez kanpoko alderdia Bateragune izeneko taldearen bitartez berreraikitzen saiatzeagatik. Herri akusazioak, terrorismoaren biktimen Verde Esperanza elkarteak, 14 urtera igo du eskaera.

Ezker abertzalearen buruzagi nagusiaren etorkizun hurbila auzi honetako epaiaren araberakoa izango da. Otegi behin-behineko espetxealdian dago auzi honegatik. Herriko Tabernen auzian ere epaiketa zain dauka, baina kasu horretan baldintzako askatasuna ezarri zioten.

Otegi behin-behineko espetxealdian dago gai horregatik eta Rafa Diez, berriz, libre, fidantzapean, ama zaintzeko. Beste akusatuak hauek dira: Sonia Jacinto EHAK-ko diruzain ohia; Miren Zabaleta, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren alaba; Arkaitz Rodriguez (2006an epaitu eta aske utzi zuten, ETAren informazio eta jendea erakartzeko aparatuaren kide izatea egotzi eta gero); Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal (azken hirurak aske daude 10.000 euroko fidantzapean).

Bilduk, Aralarrek eta ERCk ordezkariak bidali dituzte Madrilera, auzipetuei babesa erakusteko. Gaur arratsaldean, gainera, manifestazioak egingo dituzte EAEko eta Nafarroako hiriburuetan, eta Otegiren aldeko omenaldi bat haren jaioterrian, Elgoibarren.

Jarraitu Bateragune auziko epaiketa zuzenean eitb.com-en.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea