Politika -

Epaiketa Auzitegi Nazionalean

Otegi eta Diez gaurtik epaituko dituzte, 'Bateragune' auzian

Batasuneko eta LABeko buruzagi ohiak ez ezik, beste sei buruzagi abertzale ere epaituko dituzte. Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohia akusatuen aulkian eseriko da gaurtik Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohiarekin eta beste sei agintari abertzalerekin batera, Bateragune auziko epaiketan.

Fiskalak 10na urteko kartzela zigorra eskatzen du legez kanpoko alderdia Bateragune izeneko taldearen bitartez berreraikitzen saiatzeagatik. Herri akusazioak, terrorismoaren biktimen Verde Esperanza elkarteak, 14 urtera igo du eskaera.

Ezker abertzalearen buruzagi nagusiaren etorkizun hurbila auzi honetako epaiaren araberakoa izango da. Otegi behin-behineko espetxealdian dago auzi honegatik. Herriko Tabernen auzian ere epaiketa zain dauka, baina kasu horretan baldintzako askatasuna ezarri zioten.

Orotara, Auzitegi Nazionalak bederatzi saio egingo ditu uztailaren 7a arte. 40 poliziak eta 33 lekukok deklaratuko dute tarte horretan.

Otegi behin-behineko espetxealdian dago gai horregatik eta Rafa Diez, berriz, libre, fidantzapean, ama zaintzeko. Beste akusatuak hauek dira: Sonia Jacinto EHAK-ko diruzain ohia; Miren Zabaleta, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren alaba; Arkaitz Rodriguez (2006an epaitu eta aske utzi zuten, ETAren informazio eta jendea erakartzeko aparatuaren kide izatea egotzi eta gero); Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal (azken hirurak aske daude 10.000 euroko fidantzapean).

Bilduk eta Aralarrek ordezkariak bidali dituzte Madrilera, auzipetuei babesa erakusteko. Gaur arratsaldean, gainera, manifestazioak egingo dituzte EAEko eta Nafarroako hiriburuetan, eta Otegiren aldeko omenaldi bat haren jaioterrian, Elgoibarren.

Fiskaltzaren txostena

Vicente Gonzalez Mota fiskalaren arabera, "ETAren helburuen menpeko polo soberanista baten bidez eraikuntza nazionalarako indarren batuketa" egitea zen Bateraguneren egitekoa.

Fiskalaren arabera, gutxienez hamar aldiz bildu ziren Bateraguneko kideak. Lehenengo bilera 2009ko apirilaren 17an izan zen, Donostiako LAB sindikatuaren egoitzan. Hain zuzen, urte horretako urriaren 13an bertan atxilotu zituzten Otegi, Diez Usabiaga, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez.

Lekukoak

Bederatzi saioetan 77 lekukok deklaratuko dute, tartean Rufi Etxeberria, Floren Aoiz eta Tasio Erkizia Batasuneko buruzagi historikoek, eta Juan Francisco Gomez Lopez eta Joxean Agirre ETAko presoek.

Besteak beste, Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Unai Sordo CCOO-Euskadiko buruak eta Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak ere deklaratuko dute.

Epaimahaia

Bateragune auzia epaituko duen epaimahaia Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileek osatuko dute.

Presidentea Murillo izango da. Epaile horrek tirabira bat izan zuen Otegirekin Gatzaren aldeko omenaldiaren epaiketan, eta, beraz, buruzagi abertzalearen defentsak Bateragune auzia ez epaitzea eskatu zuen, baina eskaera atzera bota zuten.

Gatzaren omenaldiko auzian, Murillok bi urteko zigorra ezarri zion, baina Auzitegi Gorenak baliogabetu eta epaiketa berriz egitea agindu zuen, epaileak aurreiritziak izan zituela argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea