Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJk Gipuzkoan oposiziotik agin dezakeela uste du Ortuzarrek
Andoni Ortuzarren iritzian, EAJ eta Bilduren arteko elkarlana posible izatea koalizioaren esku dago. Bestalde, negoziazio kolektiboaren erreformaren bozketan EAJk izan duen jarrera defendatu du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzarrek azpimarratu du EAJk bi urte daramatzala Legebiltzarrean nahiz Jaurlaritzan oposiziotik agintzen eta Gipuzkoan ere gauza bera egin dezakeela erantsi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Bizkai Buru Batzarrak esan du, Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusi aukeratu ostean, EAJk "lan handia" izango duela oposizioan, izan ere, "oraindik ez dago batere argi Bilduk nola gobernatuko duen".
EAJ eta Bilduren arteko balizko elkarlanari buruz galdetuta, Ortuzarrek adierazi du aukera hori posible izatea koalizioaren esku dagoela, jeltzaleen esku baino.
EAJk PSErekin zuen harremana, berriz, "duela bi urte Ajuria-Enea hartu zutenean" hautsi zela ekarri du gogora eta, maiatzaren 22ko hauteskundeetan izan dituzten emaitzak ikusita, "sozialistek airean gazteluak egiteari" utzi beharko diotela nabarmendu du. "Autokritika egin behar dutela esaten dute orain; bada, espero dut EAJrekiko dute jarreraren inguruan hausnarketa egingo dutela", erantsi du.
Espainiako Gobernuak bultzatutako negoziazio kolektiboaren erreformari dagokionez, EAJk kritika ugari jaso ditu, bere abstentzioari esker hasi duelako Kongresuak haren tramitazioa.
"Egin behar zena egin dugu dugu. Negoziazio kolektiboaren euskal esparrua babestu behar zen, ELAk eta Confebaskek gurekin izan dituzten hizketaldietan hainbat aldiz esan diguten moduan. Beraz, EAJk erantzukizunez jokatu du", azaldu du. Horrez gain, erreforma onartuta ez dagoela eta orain zuzenketak egiteko eta testua "hobetzeko" garaia dela azpimarratu du. Amaitzeko, Ortuzarrek esan du EAJk nahiago duela posible den heinean hauteskunde orokorrak ez aurreratzea, "hauteskunde-kanpaina batek asko distraituko gintuzke eta ez gaude denbora galtzeko".
Nolanahi ere, azken erabakia Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta bere alderdiak hartu behar dutela adierazi du, "eta haiek inork baino zalantza gehiago dauzkate".