Politika -

Aldaketa fiskalak

Lehendakariak zergak igotzeko aukera zabalik utzi du

Patxi Lopezek esan duenez, une honetan kontu publikoen defizita gutxitzea "beharrezkoa da, baina ez nahikoa, gauzak ez baitira lehengora itzuliko" eta horregatik ari da zergen igoera aztertzen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du beharrezkoa izango dela zerga-oinarria igotzea eta zerga batzuk berreskuratzea aztertzea, zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzeko.

Lopezek Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du iragarpena, Ezker Batuak egindako galdera bati erantzunez. Hain zuzen ere, erreformak hizpide ahaldun nagusi berriekin egingo duen bilerari buruz galdetu diote.

Gasteizko Gobernuko buruaren hitzetan, "beharrezkoa" izango da neurriak hartzea defizita murrizteko, baina ez "nahikoa", "jakin baitakigu gauzak ez direla lehen bezala izango, eta ez ditugu hazkunde handiak izango diru-bilketan".

Patxi Lopezen esanetan, beharrezkoa da "baliabide publikoak lortzea, kontu horiei guztiei aurre egiteko ahalmena izateko", eta hori "ekonomiaren hazkundearekin, iruzurraren aurka borroka eginez eta fiskalitate nahikoa izanda" lortzen dela gaineratu du.

Lehendakariak gogorarazi du Euskadin fiskalitate eskuduntzak Foru Aldundien esku daudela, eta, beraz, Zerga-Kideketarako Sailaren bitartez "adostasun nahikoa" lortzea beharrezkoa dela esan du, "elkartasun eta justizia maila handiagoak bermatzeko aldaketak egitea helburu".

Hala, ahaldun nagusi berriekin aurreikusitako bileran, datozen hilabeteetarako "zerga neurri edo aldaketak" aztertu beharko dituztela adierazi du lehendakariak. Neurri horiek "ez dute ekonomia suspertzea oztopatu behar, eta karga fiskalen banaketan justizia egin behar dute, errekurtso gutxiago eta gehiago dutenen artean banaketa bidezkoagoa egiteko", esan du.

Enplegu-plan berezia uda osterako

Eusko Jaurlaritzak udazkenean enplegu plan berezi bat martxan jarriko duela ere iragarri du Patxi Lopezek. Ekimen horretan Sail guztietako programak jasoko direla adierazi du.

Lehendakariaren esanetan, datozen urteetarako lehentasuna enplegua sortzea eta langabezia murriztea izango dira, eta irailean, ikasturte politikoaren hasieran, neurri eta programa bereziak aurkeztuko dituela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea