Politika -

Ahaldun nagusi berria

Garitano: 'Herritarren parte-hartzea izango da Gobernuaren ardatza'

Bilduko ahaldun nagusi gipuzkoarrak hitz eman du legegintzaldi honetan "erreferendumak eta kontsultak" izango direla. Erraustegiaren kasuan erreferenduma egin nahi dutela iragarri du.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi berria, gaur. Argazkia: EITB
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi berria, gaur.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi berria, gaur. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi berriak, atzo izendatu zutenak, esan du "herritarren parte-hartzea" izango dela Gobernu berriaren "ardatza" eta datozen lau urteetan "erreferendumak eta kontsultak" egingo dituztela lurraldean.

Garitanok Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, erraustegiaren kasuan erabakia atzeratzea eskatu dute, izan ere, haien helburua erreferendum bat egitea izango omen da, baina aurretik herritarrei informazioa helarazita. Gero, herritarrek erraustegiaren alde egiten badute proiektua aurrera eramango dutela ere esan du Garitanok.

"Gai korapilatsuetan" galdeketak egingo dituztela azpimarratu du koalizio abertzaleko agintariak, herritarren parte-hartzea ez du "lau urtetan behin bozkatzera" bakarrik mugatu nahi.

Herri-kontsultez eta erreferendumez gain, mahai sektorialak osatuko omen dituzte gizarte eragileekin eta udalekin erabakiak hartu eta Batzar Nagusietara eramateko. Gainera, herritarren lanak erakundeena ez duela oztopatzen uste du Garitanok, biak "uztartu" behar direla ikusten du egokien.

Atzoko bozketa

Ahaldun nagusia "ziur" omen zegoen atzo ahaldun nagusi izendatuko zutela, "herritarren nahia" baitzegoen "atzean": "Alde handiarekin irabazi genuen, aldea horren garbia zen, eta alderdien estrategiak horren desberdinak, ez zela ulertuko haiek bat egin eta guri agintea kentzea".

Dena dela, "bai jeltzaleekin eta bai sozialistekin, baita PPrekin ere, gauzak hitzartu" beharko dituztela adierazi du.

EAJk, lurraldeko bigarren indarra izaki, "lehentasuna" izango duela berretsi, izan ere, "bat etorriko gara gai askotan", baina PSErekin ere, "arlo sozialean batez ere", akordioak lortuko dituztela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea