Politika -
Inbestidura saioa
Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusi berria
Garitano bigarren itzulian aukeratu dute, Bilduko 22 batzarkideen eta Rebeka Ubera Aralarreko ordezkari bakarraren botoekin. Izan ere, aurreneko bozketan ez du gehiengo absoluturik lortu.
Erredakzioa
Martin Garitano Bilduko hautagaia aukeratu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi Batzar Nagusien osoko bilkuran. Aurreneko bozketa batean Garitanok 23 boto lortu ditu, Markel Olanok (EAJ) 14, Rafaela Romerok (PSE) 10 eta Juan Carlos Canok (PP) 4. Horrela, hautagai bakarrak ez du gehiengo abosluturik lortu, ondorioz, bigarren bozketa bat beharrezkoa izan da. Bigarren bozketan emaitzak errepikatu dira eta Bilduko hautagaiak gobernatzeko beharrezkoa zen gehiengo sinplea eskuratu du.
Osoko bilkura historikoa izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, izan ere, koalizio abertzaleak boterea lortu du EAJ bi hamarkadetan zehar Gobernuan izan eta gero.
Horrela, Garitanok Bilduko batzarkideen eta Aralarreko ordezkari bakarraren babesa jaso du. Arnaldo Otegiren preso zenbakiarekin orratza eraman du Garitanok osoko bilkuran.
Besteak beste, Rufi Etxeberria eta Joseba Permach Batasunako agintari ohiak, Peio Urizar eta Oskar Matute Bilduko buruzagiak, Joseba Egibar GBBko presidentea, Borja Semper Gipuzkoako PPko presidentea eta Iñaki Arriola PSEko idazkari nagusia bertan izan dira.
Garitano bigarren itzulian aukeratu dute, Bilduko 22 batzarkideen eta Rebeka Ubera Aralarreko ordezkari bakarraren botoekin.
Gainerako talde politikoetako batzarkideek euren hautagaiak babestu dituzte bozketetan, EAJk (14) Markel Olano, PSEk (10) Rafaela Romero eta PPk (4) Juan Carlos Cano.
Eztabaidaren ostean
Inbestidura saioa 09:00etan hasi da, eta bi orduko atsedenaldi baten ostean arratsaldean jarraitu du. Alderdi guztien arteko eztabaidaren ostean, 51 batzarkideek bozkatu dute eta foru Gobernua Bilduren eskuetan geratu da.
Gipuzkoako ereserkiarekin diputatu nagusi berria aldarrikatu du Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidenteak, eta makila eman dio.
Jarraian, diputatu nagusi berriak eskerrak eman ditu euskaraz emandako hitzaldi labur batean. Hautesle guztiei eskerrak eman dizkie Garitanok, M-22ko hauteskundeetan botoa eman ziotenei zein babesa beste hautagai bati eman ziotenei. Era berean, gurasoei eskerrak eman dizkie agintariak. Ondoren, herritarren ordezkariek Garitano zoriondu dute, besteak beste, Markel Olano jeltzaleak.
Diputatu nagusi gisa egindako lehen adierazpenetan, hautesle guztiei, botoa eman ziotenei zein babesa beste hautagai bati eman ziotenei, bere gurasoei eta "legezkoa ez den egoera batean bizi direnei" eskerrak eman dizkie buruzagiak, azken horien "irrika demokratikoa" guztientzako "eredua" delako.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi berriak elkarren artean hitz egitera deitu ditu ETA eta Gobernua "gatazkaren ondorioak gainditzeko". Gainera, "biktima guztien sufrimenduari eta presoen auziari ere" aurre egin beharko zaiola azpimarratu du.