Politika -
Inbestidura saioa
Yolanda Barcina Nafarroako presidente, UPNren eta PSNren botoei esker
Yolanda Barcinak esan du "une itxaropentsuak" bizi dituela, "arduraz, lan egiteko gogoz" beterikoak, eta duen onena emateko asmoa duela gaineratu du, "datozen lau urteetan Nafarroak aurrera egiteko".
Erredakzioa
Yolanda Barcina UPNko hautagaia Nafarroako presidente aukeratu dute UPNren eta PSNren botoei esker; Barcina gehiengoz aukeratu dute lehen botazioan. Gainerako alderdiek (Nafarroa Bai, Bildu, PP eta izquierda-Ezkerra) aurkako botoa eman dute.
UPNk eta PSNk astean zehar adostutako koalizio gobernua aurrera atera da horrela. UPNk bost kontseilaritza eta presidenteordetza bat izango du, eta PSNk beste hiru kontseilaritza eta presidenteordetza bat izango du. Barcinak alderdi biek adostutako programaren nondik norakoak azaldu ditu gaur.
Barcinak gehiengo osoa lortu du Ganberan, 50 bototik 28 jaso baititu (UPNren 19 eta PSNren 9); hori dela eta, ez dute bigarren botaziorik egin behar izan.
Barcinak uztailaren 1ean egingo du karguaren zina, eta Gobernuko kideek hurrengo egunean, uztailaren 2an. Nafarroako Gobernua lehendabizikoz emakume batek zuzenduko du.
Yolanda Barcinak goizean esan du "Nafarroaren eta nafarren onuran soilik" pentsatuz aginduko duela.
Barcinaren lehen hitzak
Nafarroako Gobernuko presidente izendatu ostean, Yolanda Barcinak esan du "ilusio, ardura eta lan egiteko gogo handiko unea" dela, "arduraz, lan egiteko gogoz" beterikoak, eta berak duen onena emateko asmoa duela gaineratu du, "datozen lau urteetan Nafarroak aurrera egin dezan; enpleguari, bizi-kalitateari eta ongizateari dagokionez, aurrera egin dezan". Halaber, "lan egin behar dugu, batzen gaituena gehitzen saiatzeko, Parlamentu honek agindu digun zeregina betetzeko", esan du.
Barcinak esker oneko hitzak izan ditu hasteko, eta kazetariei egindako lehen adierazpenetan, berea "gobernu sendoa" izango dela azpimarratu du. "UPNk eta PSNk sinatutako akordioak beteko dituen gobernu egonkorra izango da", esan du UPNko presidenteak, eta "arazoak konpontzeko" bere konpromisoa azpimarratu du.
"Bereizten gaituena alde batera utzi eta nafar gehienak kezkatzen dituenaren alde lan egin behar dugu. Aberastasuna sortu behar dugu enplegua sortzeko eta Espainiako eta Europako beste erkidego batzuek ez duten ongizate mailari eusteko", gaineratu du.