Politika -

Saioa Gipuzkoako Batzarretan

Zuzenbide estatua 'hankaz gora' ez jartzeko exijitu dio PPk Bilduri

Canoren hitzetan, "Bilduren eskutik, Gipuzkoaren etorkizuna aurrerapenaren eta kudeaketaren kontra doa".

Bilduren baloreak "gipuzkoarren berberak ez direla" esan du PPko ordezkariak. EITB.
Bilduren baloreak "gipuzkoarren berberak ez direla" esan du PPko ordezkariak. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 22ko garaipenak Bilduri zuzenbide estatua "hankaz gora jartzeko" baimenik ez diola ematen azpimarratu du Juan Carlos Cano Gipuzkoako Aldundirako PPko hautagaiak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako inbestidura saioan, arratsaldean Bilduko Martin Garitano ahaldun nagusi hautatuko dutela ikusita, Canok horren erantzukizuna EAJ eta PSE-EEri leporatu die, haiekin gobernu akordiorik lortu ez duelako.

PPko ordezkaria Garitanori ere zuzendu zaio eta "erakunde horrekin eta Estatuko gainontzekoekin errespetua izateko" eskatu dio.

"Ez pultsurik egin, galtzaile aterako baitzara, lehenago edo beranduago", gaineratu du.

Canoren ustez, " kudeatzeko defizit handia ezkutatzen saiatuko da Bildu Zuzenbidezko Estatuari probak jarrita ", eta horretarako "subiranotasunaren gaia azkenera arte eramago du".

PSE eta EAJ, "alderdi interesengatik itsututa"

Alderdi popularreko hautagaiarentzat, Bilduren garaipena bezain zilegia litzateke EAJren, PSE-Eeren eta PPren arteko gehiengoa, eta akordio hori gauzatu ez izanak atsekabetu egin duela aitortu du. Horren errua EAJ eta PSE-EEri leporatu die, "bakoitza bere miseriei begira, bere interesetatik haratago ikusteko gai ez dira", azaldu du.

Canoren ustez, "Bilduren eskutik, Gipuzkoaren etorkizuna aurrerapenaren eta kudeaketaren kontra doa". "Nahiz eta Gipuzkoan garaipena lortu, Bilduren baloreak ez dira gipuzkoako herritarrenak", esan du politikari eskuindarrak, koalizioak "sektarismoa, nostalgia eta immobilismoa" adierazten dituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea