Politika -

Saioa Gipuzkoako Batzarretan

Olanok 'ezinbesteko'tzat jo du ETAk armak uztea

EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak adierazi du erabakitzeko eskubidearen aldeko "espazio sozial eta politikoa" lortzeko unea dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano EAJren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak adierazi du ETAk armak uztea "ezinbesteko urratsa" dela "behin betiko bakea lortzeko". Halaber, "gure herriaren erabakitzeko eskubidea"ren aldeko "espazio sozial eta politikoa" lortzeko unea dela gaineratu du.

Olanok Gipuzkoako ahaldun nagusia hautatzeko saioan egin ditu adierazpenok.

Hitzaldiaren hasieran, hautagai jeltzaleak esan du "itxaropen aroan" gaudela, ETAk su-etena iragarri eta ezker abertzaleak "indarkeria legitimatzeari" utzi eta gero.

Jarduneko ahaldun nagusiaren ustez, aukera "aprobetxatu" beharra dago behin betiko bakea lortzeko, eta, horrenbestez, orain "urrats gehiago" egin behar dira; "inportanteena, ETAk armak uztea".

"Hori da herritar gehienen nahia, eta hori da talde eta ordezkari politiko guztiok ETAri exijitu behar dioguna, argi eta garbi eta salbuespenik gabe", gaineratu du.

Olanok gogorarazi du bere Foru Gobernuak terrorismoaren biktimak babesteko plan bat sustatu zuela, eta iraganeko gertakizunen kontaketei bide eman behar zaiela iritzi dio.

Beste gai batzuk

EAJren ahaldun nagusigaiak zerbitzu sozialak garatzen jarraitzea defendatu du, baina horien finantziazioaren inguruan "erakundeen artean hausnarketa" egiteko dei egin du, gastu sozialaren hazkunde joera "jasangaitza" izango baita etorkizunean.

Olanok lehiakortasuna sustatzearen alde egin du, betiere ikerketa eta berrikuntza oinarri dituen "ezagutzaren ekonomia"ren bidez.

Bestalde, elkarteen gaineko zergari dagokionez, EAEko hiru lurraldeen artean harmonizazioa izatea "funtsezkoa" dela agertu du, "herrialdearen kohesioa urratzen duten enfrentamenduak" saihesteko.

EAJren hautagaiak Zubietako erraustegia eraikitzearen eta zabortegiak ixtearen alde egin du, eta bere Gobernuak abiatutako azpiegitura nagusiak garatzen jarraitzearen beharra azpimarratu du.

Hitzaldian, Olanok ez du ditu aipatu balizko itunak, eta ez die babesa eskatu gainerako alderdiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea