Politika -
Saioa Gipuzkoako Batzarretan
ETAri eta Gobernuari elkarren artean hitz egiteko eskatu die Garitanok
Bere gobernuaren lehentasuna "gatazka politikoari irtenbidea ematea" izango dela esan du Bilduko hautagaiak, horretarako"ezberdinen arteko elkarrizketa" proposatu du, "metodo bakar eta eraginkorrena".
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusirako Bilduko hautagaiak elkarren artean hitz egitera deitu ditu ETA eta Gobernua "gatazkaren ondorioak gainditzeko". Gainera, "biktima guztien sufrimenduari eta presoen auziari ere" aurre egin beharko zaiola azpimarratu du.
Batzar Nagusietako saioan egindako hitzetan, ahaldun nagusi aukeratuz gero, bakearen, normalizazioaren eta eskubide zibil eta politikoen alde lan egingo duela adierazi du Garitanok.
Horrez gain, alderdi politikoei "erantzukizunez jokatzeko" eskatu die "gatazkari konponbidea eman eta etorkizunari ateak zabaltzeko". "Zalantza barik gatazkak sortu dituen biktima guztien sufrimenduari aurre egin behar diogu. Era berean, garai politiko berri honetan, presoen egoerari ere heldu beharko diogu", esan du Garitanok.
Urte askotako "gatazkak" izan dituen "ondorioei" dagokienez, Bilduko zerrendaburuak ETAri eta Gobernuari ondorio horiek gainditzeko aurrerapausoak ematea eskatu die, elkarrizketaren bitartez.
Kutxen bat-egitea eta proiektu handiak
Martin Garitano krisiari "irtenbide soziala" ematearen alde agertu da. Era berean, alderdiak kutxen bat-egitearen inguruan hitz egitera deitu ditu. Bat-egite horren aldekoa dela esan du Bilduko kideak, baina "bankarizaziora iritsi gabe".
Garitanoren ustez, maiatzeko hauteskundeetako emaitzak herritarren aldaketa nahien isla dira, "alderdien arteko zentzugabeko eztabaidez aspertuta daude, epe laburrerako etekina lortzeko helburu bakarra dutenekin gogaituta; horren aurrean Bilduk aire freskoa ekarri du, Gipuzkoako kaleak itxaropenez bete ditugu, eta ez ditugu itxaropen horiek baztertuko".
Honen harian, Gobernuaren ardatz nagusia "gardentasuna" izango dela iragarri du Aldundirako hautagaiak. "Gure gobernuak politika egingo du, hizki handiekin, Euskal Herriak konponbide sakonak behar dituelako".
Azpiegituretako proiektu handiei dagokienez, "Gipuzkoako etorkizuna ez da porlanarekin egiten, herritarrak kontuanhartuta baizik".