Politika -
Lege proiektua
Kongresuak negoziazio kolektiboaren erreforma onartu du
CiUren eta EAJren abstentzioei esker onartu dute Gobernuaren erreforma. Orain lege proiektu bezala bideratuko dute alderdi ezberdinek horrela eskatu ostean.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak negoziazio kolektiboaren erreforma bozkatu eta onartu du gaur, Espainiako Gobernuak hilaren 10ean onartu eta gero.
Negoziazio kolektiboa erreformatzeko Gobernuaren errege lege dekretua onartu dute Parlamentuan soilik talde sozialistaren laguntzarekin. Orain lege proiektu bezala bideratuko dute Parlamentuan zenbait alderdik horrela eskatu ostean.
Gobernuaren erreformak aldeko 169 boto, aurkako 159 eta 20 abstentzio jaso ditu.
CiUren eta EAJren abstentzioei esker onartu dute Gobernuaren erreforma.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea pozik agertu da lege dekretuaren onarpenagatik, eta enpleguak sortzen eta enpresen malgutasuna lortzen lagunduko duela uste du, "ohiko lan harremanei eutsiz, gainera", gaineratu du.
Valeriano Gomez Espainiako Lan ministroak laguntza eskatu die Parlamentuko taldeei bizi dugun egoera ekonomiko "zailari" aurre egiteko eta Espainiako ekonomiaren kanpoko konfiantza sustatzeko.
Gomezen hitzetan, erreforma horren lau ezaugarriak dira: sakontasuna, eraginkortasuna, oreka eta errespetua.
Helburu orokorrei dagokienez, Gomezek esan du negoziazioaren egitura antolatu behar dela; horretarako, enpresetako lan-hitzarmena oinarritzat hartu behar dute, eta enpresei antolatzeko malgutasun handiago eman behar diete, langileek eskubideak galdu barik.
EAEn hitzarmen autonomikoa nagusituko da
Josu Erkoreka Parlamentuko EAJko ordezkariak "historikotzat" jo du Gobernuari ateratako konpromisoa lan-hitzarmen autonomikoa Estatuaren hitzarmenaren gainetik nagusitzeko konkurrentzia ematekotan.
Ekorekaren hitzetan, Gobernuarekin egindako elkarrizketa negoziazio kolektiboaren harira izan da.
EAJk negoziazio kolektiboaren zentralizazioa zuzentzeko eskatu zuen; izan ere, jeltzaleen iritziz, Gobernuak negoziazio kolektiboari buruz aurkeztutako dekretuak zentralizazioa sustatzen zuen.
Erkorekak azaldu duenez, Gobernuak EAJren eskaera onartu du eta "aurkako akordioa" ematen bada, erkidegoetako hitzarmenak erabiltzea gaitzesten zuen klausula bertan behera uzteko konpromisoa hartu du Gobernuak.
Horrelakoa izango da erreformaGobernuaren dekretuaren arabera, 8 eta 14 hilabete artean ezarriko da hitzarmenak berritzeko epea.
Halaber, bi urteko iraupena dituzten hitzarmenentzat 8 hilabetekoa izango da muga, eta bi urteko baino gehiagoko iraupena dutenentzat, ordea, 14 hilabetekoa.
Bestalde, negoziaziorako "dinamika" berri bat ezarriko dute, izan ere, hitzarmen bat salatzeko epea 6 hilabetekoa izatetik 3 hilabetekoa izatera pasatuko da. Gainera, hitzarmen berri baten negoziazio batzordea eraikitzeko denbora hilabete batekoa izango da.
Bi epe horiek agortuta, bitartekotza prozesu bat jarriko da martxan.Bestalde, enpresa baten hitzarmena hitzarmen probintzialaren gainetik egongo da, soldata, lanaldia, eginkizun eta lekualdaketei dagokienez.
Barne malgutasunaren harira, hitzarmenetan lehiakortasunerako mesedegarri diren neurriak eta egungo lan eta ekonomia baldintzei egokitzeko gutxieneko edukiak egotea behartuko du erreformak. Dena den, neurri horiek enpresaren eta langileen artean adostutakoak izan behar dira.
Enpresak langileen baldintzak aldatzea erabakitzen baldin badu (soldata, lanaldia, eginkizun eta lekualdaketei dagokionez), sindikatuei aholkuak eskatzeko 15 eguneko epea ezarriko da.
''Sumindu''en protesta
200 bat suminduk bertan pasa dute gaua negoziazio kolektiboaren erreformaren lege dekretua onartu behar duten diputatuei "egun ona" emateko.
Diputatuak ez direla euren ordezkari adierazi dute kantuan eta txistuka, "herritarrak ez dira merkantzia", "erreforma hau gelditu egingo dute" edota "Zapaterok eta printzeak duten moduko txaleta nahi dugu", esan dute ozen.
Suminduek "helburua" lortu dutela ikusita protesta amaitutzat eman dute eta Castilla Plazako epaitegira joan dira mugimenduko hainbat kide aurreko asteetan izan diren istiluak direla eta epaituko dituztelako.