Politika -
Nafarroako Gobernua
Yolanda Barcina presidentegai legez aurkeztuko dute osteguneko saioan
Alberto Catalan Parlamentuko presidenteak jakinarazi duenez, 23an egingo da Nafarroako presidentea izendatzeko inbestidura saioa. UPNk eta PSNk adostutako koalizio Gobernuaren buru izango da Barcina.
Erredakzioa
Yolanda Barcina UPNko presidentea izango da datorren ekainaren 23an, osteguna, Nafarroako Gobernuko presidentegaia. Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak hala jakinarazi du Alderdi guztietako ordezkariekin bilera txanda egin ostean.
Barcina izango da UPNren eta PSNren arteko koalizio Gobernuko presidente. UPNk 19 parlamentarirekin, bost kontseilari izango ditu eta PSNk, berriz, 9 eserlekurekin 3 kontseilari izango ditu, horiem artean batek gainera presidenteordearen kargua beteko du.
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea alderdi guztietako ordezkariekin bildu da goizean bilera txanda egiteko. Lehenik UPNrekin bildu da, eta ondoren PSN, Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerrako kideekin.
Nafarroako Foru hauteskundeetan Yolanda Barcinaren alderdia (UPN) izan zen bozka gehien jaso zituena. Barcinak adierazi duenez, Nafarroak "Gobernu indartsua, sendoa, egonkorra" behar du krisi ekonomikoari aurre egiteko, lana sortzeko eta "lurraldeak behar duen ongizate mailari eusten" jarraitzeko.
Halaber, Espainiako Konstituzioari "lotutako" Exekutiboa behar dela azpimarratu du Barcinak eta datozen lau urteetan "Bilduk Gobernuan izan dezaken edozein eragin geldiarazteko gai" izan behar duela erantsi du Barcinak.
Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak Barcinaren hautagaitza babestu du Alberto Catalan Parlamentuko presidentearen aurrean. Bilera amaitu ostean, Jimenezek esan du UPNrekin duten akordioa ia amaituta dagoela eta bihar sinatuko dutela ziurrenik.
Gobernu akordio hori izango da Barcinaren investidura saioko hitzaldiaren ardatza, osoko bilkuran egingo duen hitzaldian batez ere "enpleguari eta gizarte politikak mantentzeari eta indartzeari" emango zaio garrantzia.
Nafarroa Baik berriz PSNren jarrera kritikatu du. Patxi Zabaleta alderdiko bozaremaileak Catalani adierazi dio akordio horrek hauteskundeetako "botoen esanahia" aldatzen duela "gehiengoa aurrerakoia" izan zela azpimarratuz.
Bildu ere koalizio Gobernu horrekin oso kritikoa izan da. "Sozialistek aldaketa politiko eta sozialari iruzur" egin diotela adierazi du Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak.