Politika -
Estatutuaren garapena
Beste sei transferentzia adostu dituzte EAJk eta Gobernuak
Akordioarekin hamaika transferentzia adostu dituzte dagoeneko urteko lehen seihilekoan, guztira 33 milioi euro. Orain negoziaketak beste eskumen batzuetan oinarrituko dira.
Erredakzioa
Gobernuak eta EAJk sei transferentzia berri adostu dituzte. 3 milioi euroko balioa dute. Honenbestez, Exekutiboaren 2010eko Aurrekontuak babesteko jeltzaleek eskatutako transferentzien paketea bete du Exekutiboak, EAJko iturriek jakinarazi dutenez.
2012ko Estatuko Aurrekontuei eman beharreko babesa transferentzia talde horren negoziaketaren emaitzaren menpe zegoela ohartarazi zuen Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak.
Jose Maria Benegas sozialistari ez zaizkio batere gustatu adierazpen horiek. 2.300.000 euroko kostua duten transferentzia berrien akordioagatik zoriondu da ordezkari sozialista, baina aurrekontuen negoziaketarekin zerikusirik ez duela erantsi du.
Hala ere, ekainaren 24ko azken Ministroen Kontseiluak akordioa berretsi dezan garaiz heldu da adostasuna, Batzorde Mistoa Gasteizen bi egun lehenago bildu ostean. Transferentzien Batzorde Mistoan Eusko Jaurlaritzako eta Gobernuko ordezkariak biltzen dira.
Gaurko itunarekin, hamaika transferentzia adostu dituzte dagoeneko urteko lehen seihilekoan, guztira 33 milioi euro. Orain negoziaketek beste eskumen batzuetan izango dute oinarri, batez ere aldiriko trenak eta autobideen bidesarien kudeaketa. Izane ere, adostu gabeko transferentzia garrantzitsuak dira.
Sei transferentzia
Konkretuki, enplegu-erregulazio, itsasoko eta ibaiko garraioa, errepideko garraioa, Estatuko artxiboak, jabetza intelektualaren legedia eta arrantza hezkuntzako aspektuak adostu dituzte gaur.
Gobernuko, PSOEko eta EAJko ordezkarien bilerak lau orduko iraupena izan du. Eusko Jaurlaritzak negoziaketen eta akordioaren berri izan duela azaldu du Jose Maria Benegas sozialistak prentsaurrekoan. Jaurlaritzak babes osoa eman duela erantsi du.
Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatu dezake, baina hitzarmenen negoziazioa banan-banan egingo dela gogorarazi du Aitor Esteban EAJko diputatuak. Horregatik, aldundi batek hitzarmena sinatu nahi ez baldin badu, beste biekin akordio batera heltzea ez luke eragotziko.
Esteban eta Benegas akordioagatik zoriondu dira epea astebeteko aurrerapenarekin bete dela ikusita.
2012ko Aurrekontuak
Hala ere, 2012ko Aurrekontuek EAJren babesa jasotzeko aukera gehiago dutenik ez dute uste bi ordezkariek.
"Oraindik goiz" dela azpimarratu du Estebanek. Benegasen hitzetan, "iazko akordioen garapena Gobernuak EAJrekin eta beste alderdi batzuekin hasiko duen negoziaketarekin lotzerik ez dago. Jeltzaleek lotzeko arrazoirik ez dute ere".