Politika -
Alkate berriari zuzenduta
Aresek neurriak hartzeko eskatu du Andoanien mehatxurik egon ez dadin
Herrizaingo sailburuak eskutitz baten bidez helarazi dio ez datorrela bat erabaki berriarekin, eta mehatxuak eta indarkeria ekiditeko neurriak hartzeko eskatu du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Ane Carrere Andoaingo (Gipuzkoa) alkateari gutun bat bidali dio. Zinegotzi mehatxatuen bizkartzainek udaletxean sartzeko baimenik ez izatea arbuiatzen du sailburuak mezuan.
Aresek gogorarazi duenez, "Ertzaintzako, Guardia Zibileko eta Poliziako kideek edo zaindari pribatuek ez dute segurtasunik eza sortzen, guztien askatasunak babesten dituzte".
Era berean, zenbait eskaera egin dizkio Carrereri, besteak beste, "zinegotziek edo udaletxera doan edozein pertsonak mehatxuak eta bortxaketak ez jasotzeko beharrezko segurtasun neurriak bermatzeko", eskatu dio alkateari.
Gainera, "Ertzaintzarekin lanean aritzeko" eskatu dio, "herriko pertsona guztien segurtasuna bermatzeko". "Bere jarrera politikoak defendatu nahi dituzten" lagunen askatasuna bermatzeko eskatu dio Carrereri Aresek.
Azkenik, "bakea, askatasuna eta elkarbizitza lortzeko ETA behin betiko desagertzea beharrezkoa" dela jakinarazi dio Aresek.