Politika -
Polemika Araban
EBk berretsi du ez duela akordiorik PSErekin Araban
Alderdi ezkertiarrak azaldu du bere bi batzarkideak ez zeudela akordio baten menpe. EAJk azalpenak emanteko exijitu zion.
Erredakzioa
Ezker Batuak eskertu egin du PSE-EEk behin-behinean batzarkide bat eman izana Arabako Batzar Nagusietan, alderdi ezkertiarrak talde parlamentarioa sor dezan, baina ohartarazi egin du ez diola ezer "zor" inori.
EBk agiri bat kaleratu du gaur goizean, atzo, Batzar Nagusien osaketan, izan zuen jarrera argitzeko.
Atzoko bozketak oso polemikoak izan ziren. Hain zuzen ere, Mahaiaren lehen presidenteorde kargua PSEk lortu zuenean piztu zen polemika. Alderdi Sozialistaren arabera, kargu hori eskuratzeko PPren babesa eta EBren boto bat izan zituen, azken alderdi horrekin akordioa baitzuen, baina ezkertiarrek bi botoak EAJri eman zizkiotela esan zuten.
Hori horrela, Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJko presidenteak "azalpenak" emateko eskatu dio bart EBri.
Alderdi ezkertiarrak argi utzi nahi izan du bere bi batzarkideak ez zeudela inolako akordioren menpe, eta bere helburua Ganberan dauden bost alderdiek "handienetik txikienera" Mahaian ordezkaritza izatea zela.
Azkenean, baina, ez da hala gertatu, PSEk, laugarren indar bozkatuenak, lehen presidenteordetza baitu. EAJk (bigarren bozkatuena) bigarren presidenteordetza du, Bilduk (hirugarren alderdia) bigarren idazkaritza eta EBk (bosgarrena) lehen idazkaritza.
EBk azaldu duenez, Batzar Nagusietako indar progresistei (PSE eta Bildu) batzarkide bat eskatu zien, talde parlamentarioa osatu ahal izateko. EFEren esanetan, baina, Bilduk ez zion batzarkiderik eskaini.
Ezkertiarrek berretsi dute atzo zuriz bozkatu zutela Mahaiko presidentea aukeratzeko bozketan, eta ondoren EAJren alde egin zutela lehen presidenteordea hautatzeko.
"Ez diogu inori ezer zor, eta inork ez digu zor ezer. EB-Bk bere programa politikoaren irizpideak jarraituz egingo du lan Arabako Batzar Nagusietan, eta zorra boto-emaileekin baino ez dauka", nabarmendu du.