Politika -
Batzar Nagusien osaketa
PPk zuzenduko du Arabako Batzar Nagusia, bozketa polemiko baten ostean
PSEk esan du EBren boto bati esker lortu duela lehen presidenteorde kargua; EBk, berriz, EAJren alde bozkatu duela. Jeltzaleek zenbaketa berriro egitea eskatu dute.
Erredakzioa
Juan Antonio Zarate (PP) izango da berriro ere Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Alderdi Popularren eta Alderdi Sozialistaren botoak jasota eta Ezker Batuko bi ordezkariek boto zuria eman ostean. EAJk eta Bilduk euren hautagaien alde bozkatu dute.
Arabako Batzar Nagusietako Mahaiaren lehen presidenteorde kargua PSEk lortu duenean piztu da polemika. Alderdi Sozialistaren arabera, kargu hori eskuratzeko PPren babesa eta EBren boto bat izan ditu, baina azken alderdi horrek bi botoak EAJri eman dizkiola azpimarratu du.
Gauzak horrela, EAJk lehen presidenteordetza galdu du eta, zerbait gaizki egin dela argudiatuta, botoak berriro zenbatzea eskatu du.
Bozketaren ostean egindako zenbaketaren arabera, Eva Jimenezek (PSE) 26 boto eskuratu ditu, horietako 25 PSEko eta PPko batzarkideei dagozkie eta, sozialistek azaldu dutenez, 26.ena Ezker Batuko ordezkari batek emandakoa da, izan ere, alderdi horrekin akordio batera heldu baitira.
Alabaina, EBk ukatu egin du PSEren hautagaiaren alde bozkatu duela eta bere bi botoak Pedro Elosiguirentzat (EAJ) izan direla nabarmendu du.
EAJren hautagaiak 24 boto izan ditu, bere alderdiarenak eta Bildurenak, eta, ondorioz, bigarren presidenteorde kargua eskuratu du Eloseguik. EBren bi batzarkideek haren alde egin izan balute, 26 boto izango lituzke.
Nahasmena argitzeko, botoak berriro zenbatzea eskatu du EAJk, "akats bat" egon behar delakoan. Araudiak ez du aukera hori aurreikusten eta, beraz, zerbitzu juridikoak aztertu beharko du eskaera horren aurrean zer egin daitekeen.
Hala eta guztiz ere, Batzar Nagusietako iturriek esan dutenez, letraduak "lauzpabost aldiz" zenbatu ditu botoak eta emaitza berdina izan da guztietan. Egiaztatze prozesu horren ostean paperak hautsi egin dituela iragarri du, "botoa sekretua delako".
Bestalde, Mertxe Etxezarreta (EB) izendatu dute Mahaiko lehen idazkari, PP eta PSEren botoak lortuta; eta Bilduko Elena Lopez de la Calle izango da bigarren idazkaria, koalizioaren eta EAJren babesari esker.
Joan den maiatzaren 22ko hauteskundeen ostean, Arabako Batzar Nagusian PPk 16 eserleku ditu; EAJk, 13; Bilduk, 11; PSEk, 9; eta EBk, 2.