Politika -

Ganberaren osaketa

Alberto Catalan (UPN) izendatu dute Nafarroako Parlamentuko presidente

Ganberako Mahaiko gainerako postuak PSNren, Bilduren eta NaBairen esku geratu dira. Izquierda-Ezkerra eta PPN, beraz, kanpo utzi dituzte.

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea, gaurko saioan. EITB
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea, gaurko saioan. EITB
Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea, gaurko saioan. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Catalan UPNko parlamentarioa izendatu dute Nafarroako Parlamentuko presidente, bere alderdiak, PSNk eta PPNk alde bozkatuta.

PSNren eta UPNren arteko akordioaren ondorioz, gainera, PSNk Mahaiko presidenteordetza bat eta idazkaritza bat bereganatu ditu. Samuel Caro eta Maite Esporrin sozialistek hartu dituzte karguak, hurrenez hurren.

Horrela, sozialisten eta erregionalisten arteko harremanak aurrera egin du, eta baliteke PSN UPNren Foru Gobernuan sartzea, hiru Kontseilaritza eskuratuta.

Ganberako Mahaiko gainerako postuak horrela banatu dituzte: Txentxo Jimenez (NaBai) bigarren presidentordea izango da, eta Koldo Amezketa (Bildu) bigarren idazkaria. Bi alderdi horiek elkar babestu dira bozketan.

Bi aliantza izan direnez (UPN-PSN eta Bildu-NaBai), PPN eta Izquierda-Ezkerra koalizioa Mahaitik kanpo geratu dira.

Izquierda-Ezkerrak ez du ezta hautagaia aurkeztu ere egin, irabazteko aukerarik ez zuela ikusita. PPNren kasuan, UPNren parlamentario batzuek haren hautagaia babestu dute, Bildu Mahaian sartzea galarazten saiatzeko, baina ez da nahikoa izan.

Gobernuburuaren hautaketa

Hemendik aurrera, Alberto Catalanek 10 eguneko epea du bozeramaileekin bilera-sorta abiatu eta Gobernuko presidenterako hautagaia proposatzeko.

UPNk sanferminak hasi baino lehen adostu nahi du gaia PSNrekin, baina sozialistek esan dute inportanteena akordioa dela, ez epeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea