Gizartea -
Bartzelona
Hainbat parlamentari helikopteroz iritsi dira Kataluniako Parlamentura
Poliziek egindako "pasillo" batetik lortu dute Parlementuan sartzea diputatu batzuek. Dagoeneko hasi den aurrekontuen eztabaida boikotatu nahi zuten manifestarien kontra oldartu da Polizia.
Erredakzioa
Esquadra mossoak aurrekontuen eztabaida boikotatu nahian Parlamentuaren parean kontzentrazioa egiten ari diren ehunka ''sumindu''en kontra oldartu dira gaur goizean.
Artur Mas Generalitatearen presidentea eta Nuria Gispert Parlamentuaren presidentea 09:40 aldera iritsi dira ganberara Esquadra Mossoen helikoptero batean, eta ganberaren aparkalekuan jaitsi dira.
Minutu batzuk geroago, Joan Puigcercos ERCren presidentea eta Jordi Trull CiUko parlamentaria iritsi dira helikopteroz. Guztira, zortzi joan-etorri egin ditu mossoen helikopteroak.
Istiluen kontrako agenteek osatutako "pasillo" bati esker sartu dira parlamentariak oinez, aurrekontuen inguruko eztabaida boikotatu nahi zuten ehunka manifestarien aurrean, Irain artean eta batek baino gehiagok objekturen bat botata egin diete harrera.
Joan Boada ICVren diputatua astindu egin dute eta burua pinturarekin zikindu diote Poliziaren hesira heldu baino lehen. Montserrat Tura Justizia kontseilari ohi eta PSCren diputatua ere zikindu dute pinturarekin.
Marina Geli eta Esteve Pujol PSCren diputatuak ere harrapatu dituzte eta dozenaka ''suminduk'' inguratu eta iraindu dituzte poliziaren babesera iritsi aurretik. Horretarako, atzera egin behar izan dute 300 metro Parlamentera bidean zihoazenean.
Celestino Corbacho PSCko parlamentari eta ministro ohiak jaso ditu irain gogorrenak, eta eskolten eta istiluen kontrako lau agenteren babespean sartu behar izan du. Manifestarietako batzuek "Puig, dimisioa!" oihukatu diote, Felipe Puig Kataluniako Barne kontseilaria zelakoan.
''Sumindu'' taldeek galarazi egin diete Generalitateko hainbat auto ofiziali Parlamentuan sartzea eta Meridiana etorbidean atzera egin behar izan dute.
Ciutadella parkera iritsi aurretik kazetarien aurrean adierazpenak egin dituen parlamentari batek, Enric Millo PPkoak, "paradoxa"tzat jo du "demokrazia horrela babestu nahi izatea".
2.000 ''sumindu''
Ehunka lagunek igaro dute gaua Parlamentuaren parean, Ciutadella parkean, eta gaur goizean beste ehunka lagun batu zaizkie. Dozenaka esquadra mosso eta udaltzain bertaratu dira Parlamentua zaintzera. Atzo ateak itxi behar izan zituzten, indarrez sar ez zitezen.
Polizia asko zegoela ikusita, ''suminduek'' kontainerrak jarri dituzte bide erdian eta Passeig Pujadeseko izkinako sarreran barrikada bat jarri dute, parlamentariak aurrekontuen eztabaidara joateko bertatik igaro behar baititute..
Catalunya Plazako pankartak hara eraman dituzte eta Poliziaren kontrako eta hezkuntzaren aldeko leloak oihukatu dituzte.
Era berean, inguruko bizilagunek bat egin dute protestarekin eta zartaginak eta kazolak astinduz zarata eginez.
Zapatero ez da kezkatzen
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak esan du ez duela kezkatzen Maiatzaren 15eko mugimenduak, nahiz eta ''suminduek'' gaur goizean Kataluniako Parlamentua blokeatu.
Zapaterok ezezko soil batekin erantzun die kazetariei mugimenduak hartu duen bideaz galdetuta, Kongresuko pasilloan .