Politika -
Udalen osaketa
Enrique Maya (UPN), Iruñeko alkate PSNren boto zuriari esker
Sozialisten botoa erabakigarria zen, UPNren hautagaiak, bere zerrendaburuak edo beste batenak irabazteko.
Erredakzioa
Enrique Maya UPNren hautagaia izendatu dute Iruñeko alkate, PSNren boto zuriari esker.
Maya zerrenda bozkatuenaren buru gisa hautatu dute, bozketan ez baitu inork lortu gehiengo osoa. Hain zuzen ere, UPNk 13 boto jaso ditu (bere 11ak eta PPren biak) eta Uxue Barkos NaBaiko hautagaiak 11 (bere koalizioko zazpiak, Bilduko hirurak eta Izquierda-Ezkerrekoa). PSNk boto zuria eman du.
Sozialisten botoa erabakigarria zen, UPNren hautagaiak, bere zerrendaburuak edo beste batenak irabazteko. Azkenean, boto zuria emanez, erraztu egin du UPNk agintean jarraitzea.
Yolanda Barcina alderdikidearen lekua hartu eta gero (hura Nafarroako Gobernurako UPNren presidentegaia da orain), Mayak adierazi du zinegotzi guztien "beharra" euren aurrekoen "lana jarraitzea" dela.
"Iruindarrek hiria gero eta oparoagoa izatea nahi dute", berretsi du, eta herritarren ustez politikariak "arazo" direla gogorarazi du.
Iruñeko alkateak "eztabaida eraikitzailea" sustatzea promestu du, eta "elkarrizketarako irekia eta harbera" dela gaineratu du.
Mayak eskerrak eman dizkie senideei, alderdikideei eta boto-emaileei, eta ondoren Tomas Caballero ETAk 90eko hamarkadan hildako zinegotzia gogora ekarri du, haren alabak, Mariak, zinegotzi kargua hartu baitu gaur.