Politika -
Udalen osaketa
Javier Maroto Gasteizko alkatea da, PPren babesa bakarrik lortuta
PSEk eta EAJk boto zuria eman dute eta Bilduk bere hautagaiaren alde egin du.
Erredakzioa
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkate izendatu dute alderdi popularrarentzat agintea berreskuratuta. PPk lau urte eman ditu oposizioan aurreko bi legealdietan agintea izan ondoren.
Marotok gehiengo sinplea lortu du botazioan, udaleko 27 zinegotzietatik bere alderdiko bederatzien botoak eskuratu baititu.
PSEk eta EAJk ez dute hautagairik aurkeztu, eta sei zinegotzi sozialistek eta sei jeltzaleek boto zuria eman dute. Bilduk Kike Fernandez de Pinedo bere hautagaiaren alde egin du.
Udala ofizialki osatuta geratu da zinegotziek kargua hartu dutenean. EAJren eta Bilduren ordezkariek Konstituzioaren zina legeak behartuta egin dute.
"Gardentasuna eta zorroztasuna"
Alkate gisa egindako lehen hitzaldian Marotok Mariano Rajoy Espainiako PPko presidentearen eta Antonio Basagoiti Euskadiko PPko arduradun nagusiaren babesa izan du. Alkate berriak Patxi Lazcoz alkate ohiari esker ona agertu dio aurreko urteetan egindako lanagatik.
Hurrengo lau urteetan "zorroztasun ekonomikoa"ren aldeko apustua egingo du Marotok eta bere oinarria "kudeaketa gardena" izango dela azpimarratu du.
"Gauza gehiago egin behar ditugu baliabide gutxiagorekin", esan du PPko alkateak, eta "egoera zailean egonda, erabaki zailak hartu" behar direla onartu du.
Bilkura egiten ari ziren bitartean, istiluak izan dira "suminduek" Espainiako plazan, udaletxetik gertu, deitutako elkarretaratzearen ondorioz, eta Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu.