Politika -

Udalen osaketa

Juan Karlos Izagirre Bilduko hautagaia izendatu dute Donostiako alkate

Alkate berriak "bortxa adierazpen oro" amaitzea eskatu du, baina ETAri ez dio esplizituki exijitu desagertzea, EAJk, PSEk, eta PPk hori egitea eskatu bazioten ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Bilduko zerrendaburua izendatu dute Donostiako alkate, Odon Elorza sozialistaren ordez, ezustekorik gabeko saio batean.

Izagirrek Bilduren zortzi zinegotzien babesa izan du. EAJk Eneko Goia bere hautagaiaren alde egin du, eta PPk Ernesto Gasco sozialistaren alde.

Horrenbestez, ez denez gehiengo osorik izan, hauteskundeetan boto gehien lortu dituen zerrendako burua hautatu dute alkate.

Legediak lehentasuna ematen dio hauteskundeetako zerrenda bozkatuenari, udaleko bozketan zinegotzi gehiagoren babesa lortzen duenari baino. Horragatik izendatu dute Bilduko hautagaia, sozialistak babes gehiago lortu dituen arren.

Bozketaren ostean, Odon Elorza alkate ohiak aginte makila pasatu dio. Hasieran Elorzak ez zuen saiora joateko asmorik, baina azkenean joan egin da.

Saioan, Izagirre zoriondu duen bakarra Eneko Goia EAJko alkategaia izan da.

Alkate berriak bertso batekin estreinatu du kargua, eta bortxakeria oro desagertzea eskatu du: "Bortxa adierazpen oro behin betiko eta baldintza barik desagertzea eskatzen dugu, mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak barne".

Nolanahi ere, ETAri ez dio esplizituki eskatu desagertzea, EAJk, PPk eta PSEk hori eskatu bazioten ere.

Makila eskuan, alkatea Udaletxetik atera da, eta kanpoan hamarka jarraitzale zain zituen, independentziaren eta presoen aldeko aldarriak oihukatzen.

Besteak beste, Martin Garitano Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Pello Urizar koalizioko bozeramailea eta Joseba Alvarez Batasuneko mahaikide historikoa izan dira saioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea