Politika -
Iragarpena
Bizkaiko Batzar Nagusietan daukan eserlekua utziko du Pastorrek
Agiri baten bidez, Jose Antonio Pastorrek esan du Eusko Legebiltzarrean duen lanean jarriko dituela orain indar guztiak. PSEren Bizkaiko ahaldun nagusigaia izan zen maiatzeko hauteskundeetan.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastorrek iragarri du Bizkaiko Batzar Nagusietan duen eserlekuari uko egingo diola. Agiri batean zehaztu duenez, "hausnarketa sakon bat" egin eta gero hartu du erabaki hori eta hemendik aurrera bere indar guztiak Eusko Legebiltzarrean duen eginkizunean jarriko dituela azpimarratu du.
Pastorren iritzian, Batzar Nagusietako etapari amaiera emateko garaia iritsi zaio. Maiatzaren 22ko hauteskundeetan PSEren Bizkaiko ahaldun nagusigaia izan zen Pastor. Bera egon ez arren, "PSE-EEren taldeak Bizkaiko Batzar Nagusietan herritarren aldeko lan ona egiten jarraituko duela ziur nago, baita erantzukizunez jokatuko dutela ere", erantsi du. Gauzak horrela, ostiral honetan PSEko ordezkariek euren kredentzialak hartuko dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan, baina Jose Antonio Pastor ez da bertan izango.