Politika -

Hauteskunde osteko negoziazioa

PSNk baztertu egin du Bildurekin gobernatzea, baina ez babesa jasotzea

Bien arteko aldeak "oso handiak" badira ere, sozialista nafarrek esan dute ez dutela baztertzen "akordioetara iristea edo bozketetan bat egitea".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSN Bildurekin batzartu da gaur goizean Nafarroako Gobernua osatzeko hasi zuen bilera-sortaren baitan eta handik atera ondoren, baztertu egin du koalizio abertzalearekin gobernatzea, baina ez Roberto Jimenez presidentegai sozialistaren inbestiduran haien babesa jasotzea.

Elena Torres PSNren idazkariorde nagusia izan da sozialisten ordezkaria bileran, Roberto Jimenez "zuzendaritzaren aginduz" ez da joan programaz ez zutelako hitz egingo. Torresek aukera guztiak, Bildu Gobernuan egotea izan ezik, posible direla azpimarratu du.

Gaurkoa "beste bilerengandik oso desberdina izan da aurretik jarritako baldintza batzuk baikenituen, erabat demokratikoak eta ukaezinak. Gure marra gorriak dira edozein planteamendu politikoan, eta oso alde handiak ikusi ditugu Bildurekin, eta hori dela eta, Nafarroako Gobernuan ezin dela egon erabaki dugu", adierazi du Torresek.

"Marra gorri" horiek Nafarroaren marko instituzionala, Amejoramendua eta Konstituzioa defendatzea, askatasunaren eta demokraziaren defentsa, ETAren indarkeria gaitzestea, ETAri desager dadila eskatzea, Estatua-Nafarroa harreman onari eustea eta abiadura handiko trenaren sustapena omen dira.

Baldintza horietan alde handiak atzeman dituztenez, ez dute programaz hitz egin, eta bilera sorta bat denez, ez inbestidura ekitaldia, ez omen dituzte kontuan izango eskainitako botoak, atzo Izquierda-Ezkerrarekin egin zuten moduan.

"Orain ez gara eserlekuez, postuez edo botoez ari", azpimarratu du Torresek. "Ez dugu baztertzen akordioak egitea edo bozketetan bat egitea. Alderdi Sozialistak oraindik ez du erabakirik hartu" eta aukerak "irekita" omen daude.

Bildu

Maiorga Ramirez Bilduren Nafarroako zerrendaburuak, bere aldetik, bilera egitea bera normalkuntza politikorako "oso pausu garrantzitsua" izan dela esan du eta "UPN kentzeko" zazpi boto eskaini dituela berretsi du.

Era berean, PSNren gobernu bat babestu ondoren ez dutela "erortzen utziko" azpimarratu du Ramirezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea