Politika -

Aldaketak zuzendaritzan

Aresek 'normal'tzat jo ditu Herrizaingo Sailean egindako ordezkapenak

Herrizaingo sailburuak azaldu du Rafael Iturriagak eta Ernesto Martinez de la Hidalgak eurek eskatu zutela kargua uztea. Miguel Buenek asteartean hartuko du Segurtasun sailburuorde kargua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Buen PSE-EEren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak hurrengo asteartean hartuko du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Segurtasun sailburuorde kargua.

Eusko Legebiltzarreko pasilloetan egindako adierazpenetan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak baieztatu egin du haren izendapena, Rafael Iturriagaren ordez.

Halabaina, hori ez da izango aldaketa bakarra, Nelida Santos Diaz Kudeaketa Ekonomikoaren eta Azpiegituren zuzendariak Ernesto Martinez de la Hidalga Herrizaingo sailburuordearen lekua hartuko du, Jaurlaritzak atzo baieztatu zuenez.

Aresek azaldu duenez, bi ordezkapenak Iturriagak eta Martinez de la Hidalgak eurek eskatuta egin dituzte.

Horrenbestez, ukatu egin du Sailaren barruan krisia dagoela. Are gehiago, bere esanetan, ordezkapenak duela aste batzuk aurrez ikusi zituzten, baina hauteskundeak pasatu arte karguetan jarraitzeko eskatu zien aipatu bi sailburuordeei. Aldaketak "normal"tzat jo ditu, "beste edozein Gobernutan egiten direnen antzekoak".

Herrizaingo sailburuaren hitzetan, Miguel Buenek "ibilbide politiko luzea" egin du eta "eskarmentu handia" du kudeaketan, 18 urtez Errenteriako (Gipuzkoa) alkate izan baita, eta une honetan Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente baita.Haren erronka nagusiak terrorismoaren amaiera eta Ertzaintzaren berrantolaketa izango dira.

Oraingoz ez dago argi Miguel Buenek PSE-EEren Gipuzkoako ahaldun nagusigai izaten jarraituko duen. Horren ildotik, Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak adierazi du haren PSE-EEren lurralde organoek erabakiko dutela hautagaia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea