Politika -
Data zehatzik gabe
Ertzaintzaren Egunaren ospakizuna atzeratu egin du Herrizaingo Sailak
Ekainaren 19rako deituta zegoen. Herrizaingo Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "Ertzaintzaren Egunak ez du zentzurik gatazka, zatiketa eta aldarrikapen sindikalak adierazteko erabiltzen bada"
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak Ertzaintzaren Eguna atzeratzea erabaki du "ospakizunak dituen helburuak betetzeko baldintza egokiak izan arte". Ertzaintzaren Eguna ekainaren 19rako deituta zegoen.
Rodolfo Aresek zuzentzen duen sailak komunikatu batean zabaldutakoaren arabera, ospakizunak helburu garbia dauka: "Euskadiko Poliziaren eguneroko lana ondratzea", "indarkeria erabiltzen zutenen erasoa egunero jasan behar izan dutelako gizartearen zatri baten axolagabetasunaren aurrean".
Ospakizuna atzeratzearen erabakia publiko egin dute Ertzaintzaren sindikatuek, CCOO izan ezik, ekitaldiari boikota egingo ziotela iragarri ondoren. Sindikatuek adierazi zutenez, agenteak ez zuten ospakizunera joateko asmorik eta aldi berean protesta ekintzak deitu dituzte Herrizaingo Sailarekin dituzten harreman txarrak salatzeko.
Komunikatu horren arabera, Ertzaintzaren eguna "ertzainek, eta haien familiek, Gobernuaren eta euskal gizartearen esker ona eta babesa jasotzeko eguna da, herritar guztien askatasunen eta eskubideen alde egindako lanagatik". Herrizaingo Sailarak dioenez, "Ertzaintzaren Egunak ez luke zentzurik izango gatazka, zatiketa eta aldarrikapen sindikalak adierazteko erabiltzen bada, horretarako leku egokiak baitaude".