Politika -
Elkarrizketa ETB-2n
Urizar: 'Guk ez dugu Gipuzkoa geldiaraziko'
"Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Aldundian aldaketa bat nahi du" gizarteak, Bilduren bozeramailearen hitzetan. "Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia izango" dela ziurtatu du Urizarrek.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak egindako adierazpenei erantzun egin die gaur Peio Urizar Bilduko bozeramaileak. Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen baldin badu, Bilduk "Gipuzkoa geldiaraziko ez" duela ziurtatu du Urizarrek. "Ez gara koalizio antisistema bat", azaldu du Bilduren bozeramaileak.
ETB-2ko ''Plato 2.0'' saioan egindako elkarrizketan azaldu duenez, "Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Aldundian aldaketa bat nahi" duela argi utzi zuen gizarte gipuzkoarrak iragan hauteskundeetan.
Akordioetara heltzeko borondatea agertu du Bilduko ordezkariak, baina "Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia izango" dela ziurtatu du.
Elkarrizketa sortari dagokionez, "EAJk oraindik bere borondatea argi utzi ez" duela adierazi du Urizarrek. Era berean, PSErekin astearte honetan izango duten bileraren zain daudela esan du Bilduren ordezkariak.
Gipuzkoako enpresaburu askok ustez lurraldetik alde egingo dutela iragarri dute eta polemika hori ere mintzagai izan du Urizarrek. Zentzu horretan, "ia 315.000 botoen artean enpresaburuenak ere" daudela gogorarazi du EAko agintariak, "independentziaren aldeko apustua egiten duten enpresaburuak daudelako".
Bestalde, Bildu Pasaiako portuko egitasmoaren aurka dagoela adierazi du Urizarrek, "hauteskunde-kanpaina osoan zehar azaldu bezala". Bilduko ordezkariaren hitzetan, "ez da herriarentzako proiektu estrategikoa, nahiz eta batzuek horrela planteatu".
Azkenik, "Euskal Herriko bake eta normalizazio politika Bildurentzat lehentasuna" dela azpimarratu du. Zentzu horretan, "azken bi urteetan aldaketa bat izan da eta gizarteak antzeman du, ikusi nahi ez duenak, ikusi nahi ez duelako da", erantsi du. "300.000 boto horiek automatikoki bultzakda eman diote estrategia politikoari eta indarkeriari ateak itxi dizkiote", gaineratu du.
Odon Elorza
Bestalde, Gipuzkoako hiriburuan sozialistek izandako "porrota, Espainian jasandako beste bat baino ez" dela adierazi du Odon Elorza Donostiako alkate ohiak saio berdinean.
Gainera, Egibar "herri honentzako morroi arriskutsua" dela esan du Elorzak. "EAJk duela 20 urte Donostian galdu" zuela gogorarazi dio agintari jeltzaleari ordezkari sozialistak, "eta iragan hauteskundeetan porrot izugarria jaso zuen Gipuzkoan".
"Jeltzaleak datozen hauteskunde-kanpainari begira botere giltzarrian jokatzen ari dira", ohartarazi du. "EAJri zikloa duela 20 urte amaitu zitzaion", errepikatu du.
Donostia "arriskuan dago Bilduren programarekin", Elorzaren ahotan. Horregatik, bera "hiriari egonkortasuna emateko oztopo izango ez" dela nabarmendu du.