Politika -
Gipuzkoa
Bilduren 'egitura gabeziak' akordioak zailduko ditu, EAJren arabera
Joseba Egibarrek uste du horrek beste alderdi batzuekin "programa itunak" lortzea oztopatzen duela. Bilduk, bestalde, herritarrek nahi duten aldaketa politikoa errespetatzeko eskatu dio EAJri.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteak esan du Bilduk "egitura gabeziak" dituela eta horrek beste alderdi batzuekin "programa itunak" lortzea zailduko duela. Bestalde, Donostiako Udalean PSE-EEren zikloa "agortu" dela aldarrikatu du.
Egibarrek EAJk eta Bilduk Donostian egin duten ordubeteko bileraren ondoren egin ditu adierazpenok. Koalizioak bilera-sorta hasi du aste honetan eta bihar PSErekin bilduko da eta asteazkenean Aralarrekin, izan ere, PPk muzin egin dio bileretan parte hartzeari. Markel Olano EAJko jarduneko ahaldun nagusia ez da bileran izan.
Joseba Egibarrek berretsi du bere alderdiak ez duela bazterketan oinarritutako itunetan parte hartuko. Era berean, "koherente" jokatuko dutela azpimarratu du, eta "lasaitasuna" eskatu du, ekaina "luzea" izango delako.
Gainera, Donostiako Udalean PSE-EEren zikloa "agortu" dela aldarrikatu du eta alkate sozialista bat izateko aukera bakarra dagoela esan du: hautagai horrek "Bilduren botoa jasotzea".
Bileraren ostean, Joseba Egibarrek ekaina "luze" joango dela adierazi du azken argazkia guztiz zehaztu arte.
Bilduk "gizartearen aldaketa nahia" errespetatzeko eskatu dio
Bilduk, bestalde, herritarren aldaketa nahia errespetatzeko, eta “Gipuzkoak eta Euskal Herriak behar duten garai politiko berria” ez oztopatzeko eskatu dio EAJri.
Zentzu horretan, Martin Garitano koalizioaren Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaiak, "Euskal Herrian ireki den bake eta normalizazio politikoa lortzeko prozesura" batzeko eskatu die jeltzaleei.
Bi alderdien artean programa desberdintasunak daudela aitortu du Garitanok, baina Bilduren apustua "gainerako alderdi politikoekin hitz eginez Gipuzkoako aldaketaren buru" izatea dela berretsi du.
Koalizioko ordezkariak PSE-EEko kideekin bilduko dira bihar.