Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Aresek ukatu egin du Rubalcabaren hautagaitzako kide izango dela
Herrizaingo sailburuak EAJrengana jotzeko deia egin die kezkatuta dauden enpresari gipuzkoarrei, jeltzaleek baitute Bilduri agintea kentzeko giltza, haren esanetan.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ukatu egin du Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroaren hautagaitzako kide izango dela PSOEko primarioetan eta hauteskunde orokorretan.
Aresek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "nire burua eta ardura Euskadin daude, lehendakariak nire esku uzten duen lanean buru-belarri egongo naiz".
Herrizaingo sailburuak "ahots interesatuak" (Ares Madrilera joango zela ziotenak) isilarazi nahi izan ditu horrela. Hala ere, PSEren hauteskunde orokorretarako hautagai "gogokoena" Rubalcaba dela aitortu du eta "bere atzean, denok elkarrekin, hauteskundeak irabazteko" egongo direla azpimarratu du.
PSEk eskatu duen Kongresuaren harira, Aresek errefusatu egin du euskal sozialistek PSOEn indarra irabazteko trikimailua izan dela, helburua "hauteskundeetako porrota aztertzeko" eztabaida bat irekitzea omen zen.
Gipuzkoako enpresariak
Herrizaingo sailburuak EAJrengana jotzeko deia egin die kezkatuta dauden enpresari gipuzkoarrei, jeltzaleek baitute Bilduri agintea kentzeko giltza, haren esanetan.
Era berean, EAJri Bildurekin akordioak egingo ote dituen edo herrialde mailako erronkak gauzatzeko asmoa duen argitzeko eskatu dio.
Bakegintza
Jesus Eguiguren PSEren presidenteak alderdiari Bildurekiko eta ezker abertzalearekiko "zuhurtzia handiegiaz" jokatzea leporatu izanaren inguruan, Herrizaingo sailburuak azpimarratu du lehendakaria dela "terrorismoaren kontrako eta bakegintza politika ezartzen dituena".