Politika -
Ondorengotza, PSOEn
Rubalcaba hautagai izatea proposatu du Zapaterok primarioetarako
Blancok ziurtatu egin du Rubalcabak "baroi" guztien babesa duela primarioetara jotzeko.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuaren presidente eta PSOEren liderak Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordea primarioetarako hautagai izatea proposatu du.
Zapaterok PSOEko lurraldeetako presidenteak bildu ditu Ferrazen sinistarazteko primarioak direla ondorengoa erabakitzeko modurik egokiena eta horrela bihar, larunbata, Batzorde Federalean jarrera adostu batekin agertzeko.
Blanco, Rubalcabaren alde
Jose Blanco PSOEren idazkariordeak ziurtatu egin du Rubalcabak "baroi" guztien babesa duela primarioetara jotzeko, hautagairik onena delako eta PPk gehien izutzen duena delako.
Blancok berriz ere esan duenez, bihar, larunbata, Batzorde Federalak zehaztuko du primarioen egutegia, beraz, hautgai bat baino gehiago badago, ekainaren 26 aukeratuko dute bozketa baten bidez zein batu dituen ezaugarririk aproposenak.
Blancok onartu du ez dakiela bihar bertan Rubalcaba primarioetarako hautgai izendatu ahal duten, beti ere berak adierazten badu horretarako asmoa duela eta norbaitek alderdiaren organorik garrantzitsuenean proposatzen badu.
Patxi&' || 'nbsp;lopez, lasai
PSOEko Batzorde Federalaren bilera "lasaitasunez" hartzen duela esan du Patxi Lopez lehendakariak. Batzordea bihar bilduko da eta hauteskunde primarioak deitzea edo ezohiko kongresua antolatzea erabaki beharko du. PSEk azken aukera horren alde egin du aste honetan eta horrek polemika piztu du.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saiora sartzera zihoala Carme Chaconek primarietara ez aurkezteko hartu duen erabakiaz galdetu diote lehendakariari, baina ez du erantzun nahi izan. "Behar den tokian hitz egingo dut", adierazi du Patxi Lopezek, alderdi barruko bilerei erreferentzia eginez.
PSEren buruzagiak esan du PSOEren aparteko kongresu bat egiteko proposamenak polemika sortu badu ere, "lasai" joango dela Batzorde Federalaren bilerara bihar. Gainera, ez omen du espero batzarrean tentsio handia izatea.