Politika -
Estatutuaren garapena
Bost transferentzia gehiago adostu dituzte Gobernuak eta EAJk
Ia 31 milioi euroko bost transferentzia berri adostu dituzte EAJk eta Gobernuak. Besteak beste, laneko ikuskatzailetza, espetxeetako osasun langileak eta erlijio irakasleak adostu dituzte.
Erredakzioa
Exekutiboaren aurrekontuak onartzearen eta egonkortasun parlamentarioa bermatzearen truke ituna sinatu zuen EAJk Gobernuarekin. Akordio horren barruan, zenbait transferentzia negoziatzen ari ziren bi aldeak. Horrela, bost eskumen berri adostea lortu dute gaur EAJk eta Gobernuak.
Horrela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Diputatuen Kongresuan arratsaldean bilera egin ostean.
Azken hilabeteetan Laneko Ikuskatzailetza, lehen hezkuntzako erlijio irakasleen, espetxeetako osasun langileen, titulu ez unibertsitarioen atzerriko homologazioan eta EAEn ezarritako atzerriko eskolen gaietan oinarritu da eskumenen transferentziaren negoziazioa.
Ia 31 milioi euroko bost transferentzia berri adostu dituzte EAJk eta Gobernuak, jeltzaleek ohar baten bidez jakinarazi dutenez. Jaurlaritzak laneko ikuskatzailetza kudeatuko du, "lan politika aktiboen eskumena osatzeko oinarrizko transferentzia", EAJk azaldu duenez. Horrela, 376 langile Gasteizko Exekutiboaren menpe izatera pasako dira.
EAEra transferituko diren hurrengo bost eskumenen testuak adostu eta sinatu ditu gaur arratsaldean Eskumenen aldebiko batzordeak: Laneko Ikuskatzailetza, lehen hezkuntzako erlijio irakasleen, espetxeetako osasun langileen, titulu ez unibertsitarioen atzerriko homologazioan eta EAEn ezarritako atzerriko eskolen homologazioa.
"Gaur arratsaldean lortutako akordioa berresteko bost agiriak laster garatzea, eta ahalik eta arinen izatea espero dutela" esan dute EAJko lau ordezkariek bileraren amaieran.
EAJko ordezkarien esanetan, "Eskumenen alde biko batzordeak bilerak areagotzea erabaki du, ekainaren 30 baino lehen gelditzen diren eskumenak EAEra transferitzeko, eta 2011 urteko beste transferentziak arintzako".
Erkoreka eta Benegas
Aurtengo akordioa, transferentziak barne, "guztiz" bete arte 2012ko Aurrekontu Orokorrak negoziatuko ez dituztela ohartarazi du Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak prentsaurrekoan.
Momentuz bi aldeak pozik daude lortutako akordioarekin, alde batetik Erkorekak eta bestetik Jose Maria Benegas diputatu sozialistak azpimarratu dutenez.
Eskumen berriak euskal autogobernuaren garapenerako bultzada bat direla azpimarratu du Erkorekak. PSEk eta PPk osatutako Jaurlaritzak bakarka horrelako akordiorik lortzeko gai ez dela erantsi du bozeramaile jeltzaleak, eta Gobernu zentralak berresten duenean hobetzerik ez duela izango gaineratu du.
Jose Maria Benegas diputatu sozialistaren esanetan, EAJrekin adostutakoa betetzen ari da Gobernua, nahiz eta negoziaketan atzerapenak eta zailtasunak izan. Eskumenen kuantifikazio ekonomikoa zaila dela azaldu du Benegasek.
Ekainaren 8tik aurrera negoziatuko diren eskumenen artean, aldiriko trenak eta A-68 bidesari autobidea izango dira. Transferitzeke geratzen den azken bidesari autobidea da.