Politika -
Donostia
Igandetik alkate izaten jarraitzeko asmorik ez duela esan du Elorzak
Bere ustez, Bilduk gobernatzeko "gaitasun falta" duela adierazi du eta "sare sozialetan borroka irabaztearen alde" agertu da, "herritarren erresistentziak" aurrera egingo duelakoan.
Erredakzioa
Odon Elorza Donostiako jarduneko alkateak adierazi duenez, iragan igandetik ez du alkate izaten jarraitzeko "inolako asmorik", hauteskundeak galdu egin dituelako eta hiriaren alde "egin zitekeen guztia eta egin beharreko guztia" egin duelako.
Hausnarketa horiek Facebook sare sozialaren bitartez egin ditu. Horrez gain, eskerrak eman dizkio ondoan izan duen "talde tekniko eta politiko ezin hobeari" hiriburua zuzentzerakoan eman zioten "laguntza ordainezinagatik".
Jarduneko alkate sozialista Bilduren inguruan ere aritu da eta koalizioak gobernatzeko duen "gaitasun falta" kritikatu du. Gainera, kanpaina "konpromiso populistetan, ez ezkertiarretan" oinarritzea leporatu dio koalizioari "eta guztia botoak irabazteko".
"Hori guztia Alkatetzari uko eginez esaten dut. Bertan jarraitzea ezinezkoa baita igandeko emaitzen ondorek", esan du Elorzak. Hala ere, "sare sozialetan borroka irabaztearen alde" agertu da, "herritarren erresistentzia garaile aterako delako".
Bere hitzetan, baliteke Bilduren ordezkariak "zentzuz aritzea, auskalo", baina hori "hiriaren ilusioen eta proiektuen kalterako" izan ez dadila eskatu du, Donostiak "ezin dituelako lau urte galdu".
Bilduk Abiadura Handiko Trenaren inguruan duen iritzia gogor kritikatu du Elorzak. Bere ustez, "oso larria da" koalizioak trena Gipuzkoako hiriburura sartzea galarazteko agertu duen jarrera.