Politika -
M-22ko hauteskundeak
Bilduk eta NaBaik UPN Gobernutik kentzeko babesa eskaini diote PSNri
Maiorga Ramirezek (Bildu) eta Patxi Zabaletak (Nafarroa Bai) beren alderdien botoak eskaini dizkiote PSNri Nafarroako Gobernuan aldaketa emateko.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamenturako Bilduren zerrendaburuak, Maiorga Ramirezek esan du bere botoak "UPN gobernutik kentzearen zerbitzura" jartzen dituela eta horretarako ez dela "beharrezkoa" bere koalizioa gobernuan egotea.
"Herritarrek aldaketa nahi dute eta hori lortzeko lehenengo pausoa UPN gobernutik kentzea da, horregatik gure indar instituzionala zerbitzu horretarako jartzen dugu. Ez dugu interes partidistek edo botereak bultzatuta jokatuko; horretarako baldintza ez da izango Bilduk Gobernu alternatiboan zein posizio izango duen zehaztea, Gobernuan parte hartzeak ere ez du zertan beharrezkoa izan", adiearzi du Ramirezek.
Bakartxo Ruiz Bilduko zerrendan bigarrenak "Bilduren botoak bakearentzat dira, irekita dagoen prozesuak ez daukalako atzera biderik" esan zuen atzo, eta gaur zerrendaburuak prentsaurrean gogorarazi du Nafarroako hauteskunde hauei begira Bilduren helburua bakea eta normalizazio politikoa lortzea zirela, baina baita aldaketa politiko eta soziala ere. Eta hori lortzeko, esan du, Bilduk "eskuak zabalik ditu; ez diogu hutsik egingo gizarteak Gobernu ezkertiarra eta aurrerakoia izateko duen irrikari, eskubide sozialak bermatzeari, krisiari irtenbide soziala emateari eta Nafarroako pluraltasuna errespetatzeari".
Maiorga Ramirezek azpimarratu du maiatzaren 22ak "aukera berri bat" proiektatu duela eta orain alderdi bakoitzak bere bidea zuzendu beharko duela, argi gelditu baita Biduko zerrendaburuaren iritziz, "herritarren borondateari traizio egiteak ondorio negatiboak" ekarri dituela.
Era berean, sozialistei eskatu die "alderdiak gizartearen zerbitzura" daudela kontuan izateko eta ohartarazi die, "desleiala" dela herritarrek eskatzen diotenari kasurik ez egitea. Bilduk UPN kentzeko botoak eskaini ditu, Gobernuan izatea eskatu gabe.
Bestalde, Patxi Zabaleta Nafarroako Parlamenturako Nafarroa Baiko zerrendaburuaren hitzetan, "ez da baztertu behar Nafarroako Gobernuan aldaketa lortzeko eta UPN Gobernutik kentzeko aukera".
"Aldaketa aukera bistakoa" da Zabalateren ustez, eta "erabakia eta iniziatiba" PSNri dagokiola gaineratu du; izan ere, PSN Parlamentuko bigarren indarra da, eta "deitzen bagaituzte, iragarritako moduan jokatuko dugu".