Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Garitano: 'EAJ-PSE-PP ituna herritarren nahiaren kontrakoa litzateke'

Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak kritikei erantzun die eta "kudeaketarako gaitasuna" eta "lan egiteko gertu dagoen jendea" badutela esan du.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martin Garitano Bilduren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan PSEk, PPk eta EAJk akordioa lotzeko daudenaukeren inguruan azaldu duenez, "gipuzkoarren nahiaren kontra" joango litzateke itun hori.&' || 'nbsp;

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, koalizioari kudeaketarako gaitasun eza eta gobernatzeko beldurra izatea leporatzen dietenak isilarazi nahi izan ditu Garitanok, eta argi adierazi du Bilduk "kudeaketarako gaitasuna" baduela eta atzetik "lan egiteko prest dagoen jendea" dutela.

Garitanok esan du "herritarrek aldaketa bozkatu" dutela eta "aldaketa gauzatzeko prest dagoenarekin" akordioetara iristeko prest daudela.

Bilduren hautagaiak argitu du alderdiekin egingo duten bilera-sorta gaur bertan hasiko dela lehenengo deiekin. Gainera, EAJtik eta PSE-EEtik hauteskundeetan lortutako emaitzengatik zoriontzeko deiak jaso dituztela jakinarazi du.

Araban, Xabier Agirre EAJren ahaldun nagusigaia Bildurekin ituna egiteko prest agertu zen, eta horren harira, Garitanok berretsi du herritarrek "aldaketa" bozkatu dutela eta "aldaketa gauzatzeko prest dagoenarekin" egingo dituztela itunak.

Haren esanetan, "aukera ona" litzateke Gipuzkoan Bilduk gutxiengoan agintzea eta gai puntualetan beste alderdiekin akordioak egitea, baina ez dizkie alderdiei ateak itxi, eta "ateak irekita" omen dituzte "beste batzuek kudeaketan lagundu nahi badute".

Gipuzkoako enpresariak

Bestalde, Garitanok azpimarratu du "inor" ez dela "beldurtu" behar zerga alorrean dituzten proposamenekin. Besteak beste, ondare handien gaineko zerga bat sortzea eta Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzea proposatu du Bilduk kanpainan.

Ahaldun nagusigaiaren arabera, koalizioaren barruan ere badaude "Gipuzkoako enpresariak eta ez du inork urduri jarri behar zerga alorrean gardentasuna bilatzen dugulako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea