Politika -

M-22ko hauteskundeak

PSOE barne hauteskundeei begira jarri da

Alderdi sozialistako buruzagiak hauteskundeetan jasotako porrota aztertzeko bildu dira goizean. Jose Blanco idazkariorde nagusiak adierazi du "ez dela nahigabetzeko unea, lanean hastekoa baizik".

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datuak aztertu eta autokritika egiteko garaia dela adierazi du Blancok, baina alderdiak etorkizunari begiratu behar diola adierazi du.

Datozen hauteskunde orokorretarako Rodriguez Zapatero ordezkatuko duen hautagaia aukeratu behar du PSOEk, eta horretarako barne hauteskundeak egingo dituzte. Oraingoz ez da hautagai faboritoen izenik eman.

Blancok adierazi du aurreikusitako bide-orria jarraituko dutela hauteskunde primarioak egiteko eta Batzorde Federalak datorren larunbatean zehaztuko omen du horretarako egutegia.

Maiatzaren 22ko hauteskundeen porrota ez diotela inori "ordainaraziko" adierazi du Blancok, ez baita "hondoratzeko garaia, etorkizunera begiratzekoa baizik", azpimarratu du. "Hautesleek argi ohartarazi digute eta horretaz jabetu gara", azaldu du Blancok. "Hiritar askoren babesa galdu dugu, baina badakigu gehiengoak datozen hauteskundetara begira konfiantza berreskuratzeko proposamenak nahi dituela".

PSOEko idazkariorde nagusiak aitortu du udal eta foru hauteskundeetako emaitzetan eragin zuzena izan dutela Zapateroren Gobernuak hartutako neurri ekonomikoek eta hautesle askok eskuinari eman diotela botoa.

Porrota Gobernuarekiko desadostasunaren seinale dela aitortu du eta hiritar askok ez dituztela bere erabakiak ulertu esan du Blancok. "Gizarteari geure arrazoiak azaltzen ez dugu asmatu ziurrenik", gaineratu du Blancok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea