Politika -
Elkarrizketa
Alfredo Arruiz: 'Ez dut PSNren ordezkariekin harremanik izan'
Amparo Ruiz sozialistak dimisioa eman ostean, hura ordezkatzeko bilkura egin dute gaur Uharten, eta zerrenda bozkatuenak (EH Bildu) eskuratu du alkatetza.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Alfredo Arruiz Uharteko alkate berriak (EH Bildu) ukatu egin ditu Navarra Suma alderdiak leporatutakoak —Maria Chiviteren inbestiduran abstentzioaren truke egindako akordio baten ondorio dela bere aukeraketa—. Arruizen hitzetan, "ez dut PSNren ordezkariekin harremanik izan".
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak EH Bilduko zerrendaburua elkarrizketatu du, Uharteko alkate aukeratu berritan. Navarra Sumako bi zinegotziek gaurko bilkuran izan duten jarrera ere salatu du Arruizek: "Ez dira batere eleganteak izan, baina errespetatu eta onartu ditugu".
Udalen osaketan, ekainaren 15ean, Amparo Lopez PSNko zinegotzi bakarrak hautagaitza aurkeztu zuen, eta Navarra Sumaren (2 zinegotzi) eta GIH taldearen (4 ordezkari) botoekin aukeratu zuten alkate, zerrenda bozkatuenaren kaltetan (EH Bildu, bost zinegotzi).
Alabaina, Amparo Lopez sozialistak dimisioa eman zuen abuztuan, Maria Chiviteren foru gobernuan sartzeko. Sozialistek ez dute alkate lanetan ordezkatzeko kiderik aurkitu, eta hala, "EH Bilduk, hau da, zerrenda bozkatuenak berreskuratu du alkatetza", Arruizek azaldu duenez.
__________________________
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.