Politika -
Benetako demokrazia plataforma
Poliziak jendez hustu du Puerta del Soleko kanpaldia
"Acampada de Sol" mugimenduak bultzatutako ekimenak hauteskunde eguna arte, maiatzaren 22a arte, iraun nahi zuen bertan etxebizitza eta lanerako eskubideak aldarrikatzeko.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak eta Udaltzaingoak jendez hustu du Madrilgo Puerta del Soleko kanpaldia, krisiak eragindako baldintza sozialak salatzeko protesta ekimena.
05:30ak aldera bertaratu da Polizia Puerta del Solen eta bost minutura kanpaldian parte hartzen ari zirenak inguratu eta lekua jendez husten hasi da, Juan Cobo "Acampada de Sol" ekimenaren bozeramaileak azaldu duenez.
Poliziak hartutako neurrien kontra manifestariek eserialdia egin omen dute, eta Poliziak "kolpeka eta arrastaka" eraman ditu, aipatu iturrien arabera. Hainbat lagun atxilotuta ere eraman dituzte, baina libre geratu dira gero.
Espainiako Poliziak azaldu duenez, kanpaldian parte hartzen ari zirenek ezin dute Puerta del Solera itzuli "segurtasun arrazoiengatik" eta bi taldetan banatu dituzte, batzuk Preciados kalean, eta besteak Carretasen, agenteen zaintzapean.
Protestariek "hezkuntza gehiago, polizia gutxiago" eta antzerako leloak oihukatzen dituzte agenteen aurrean.
"Acampada Sol" mugimenduak Puerta del Soleko kanpaldiari eutsi nahi zion hauteskunde eguna arte, maiatzaren 22a arte, etxebizitza eta lanerako eskubideak aldarrikatzeko. Baina, manifestarien esanetan, Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak kanpaldia jendez husteko agindua eman du eta ezin izan dute helburua lortu.
Kanpaldia iragan igandean "Benetako demokrazia" plataformak deitu zuen manifestazioaren ondoren hasi zen.