Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Bildu: 'Indarkeria guztiak gaitzesten ditugu, ETArena barne'
Espetxetik ateratzean ETAko preso batek Bilduren pankarta bat erakutsi eta gero, Iñaki Agirrezabalagak (EA) berretsi egin du koalizioak konpromisoa duela "indarkeria ezarekin".
Erredakzioa
Iñaki Agirrezabalaga (EA) Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Bilduk Deba-Urola eskualdean duen zerrendaburu eta Zumaiako alkategaiak nabarmendu du koalizioko hautagai guztiek "konpromiso argia" dutela giza eskubideekin, eta, "horrenbestez", "herrialde honetan izan diren indarkeria guztiak gaitzesten dituzte, ETArena barne".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Agirrezabalagak adierazi du Bilduk "oso argi" dituela ideiak, eta "indarkeria ezarekin, normalizazio politikoarekin eta giza eskubideekin konpromisoa" duela berretsi du.
Bilduko hautagaiaren adierazpenak atzo Ander Errandonea ETAko presoak piztutako polemikaren biharamunean etorri dira. Izan ere, espetxetik ateratzean, Bilduren aldeko pankarta bat erakutsi zuen hark.
Agirrezabalagaren esanetan, polemika hori "Espainiako eskuinaren eta muturreko eskuinaren interesen arabera" piztu dute, "inolako oinarririk gabe".
Horren ildotik, Deba-Urolako zerrendaburuak uste du Errandoneak bat egin duela "Bilduren indarkeria eza printzipioekin".
Bere esanetan, Errandoneak egindakoaren aurrean Bildu ez dago "ez alde, ez kontra". "Zenbat eta babes gehiago izan, hobe, ez dugu lehentasunuk", gaineratu du.