Politika -
Polemika
Alonso: 'Estatuko Abokatutzak Errandonearen argazkia aztertuko du'
Ander Errandonea Arruti ETAko preso ohiak Bilduren irudi bat aurkeztu du espetxetik atera ostean.
Erredakzioa
Espetxea utzi ostean, Ander Errandonea Arruti ETAko preso ohiak erakutsitako Bilduren kartelaren harira, Jose Antonio Alonso PSOEko Parlamentuko bozeramaileak "gaitzespenik handiena" azaldu du. Gainera, Estatuko Abokatutzak jarrera hau aztertuko duela uste du Alonsok.
Preso ohia Herrera de la Manchako espetxetik irten den uneko argazkia ikustean "gorrotoa" sentitu duela adierazi du Alonsok, eta Estatuko Justizia zerbitzuek gertatutakoa aztertzea espero duela esan du.
Dena den, PSOEren jarrera Bildurekiko "oso argia" izan dela argi utzi du Alonsok; hau da, Bilduren zerrenda guztiak bertan behera utzi.
PP: "Bildu eta ETAren erlazioa frogatzen du"
Bestalde, Soraya Saenz de Santamaria Kongresuko PPko bozeramailearen iritziz, Errandonearen argazkiak ETA eta Bilduren arteko harremana frogatu egiten du. Horregatik, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari eskatu dio "ETA erakundeetan ez egoteko" tresnak erabili ditzan.
"Nik ikusi dut (argazkia), Espainiak ere ikusi du, eta, Barne ministroak ikusi izana espero dut; berak erakutsi behar du Bildu hauteskundeetan ez egoteko borondatea", azpimarratu du Saenz de Santamariak.
AVT: "Adierazpen askatasuna dela esango digute"
Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteak bere "haserrea" adierazi du gaur, Errandonearen irteera ikusi ondoren. Auzitegi Konstituzionalaren erantzuna zein izango den badakiela esan du: "Orain, Auzitegi Konstituzionaleko epaileek adierazpen askatasuna dela esango digute", nabarmendu du.
"Adierazpen askatasuna dela esango dutela uste dut", berretsi du. "Beste biktima bat tiroz hil arte eta hileta batera joaten garen arte hau ez da bukatuko".
"Inoiz ez gertatzea espero dut, baina, gertatzen bada, Bildu hauteskundeetan egotea babestu duten agintariak hileta horretara ez joatea espero dut", bukatu du.
Zigorra bete eta gero
Estanislao Lopez Agirianok goizeko 09:00 aldera utzi du Castelloko espetxea 25 urteko kartzela-zigorra bete eta gero. 1986an atxilotu zuen Guardia Zibilak 19 urte zituela.
Errandonea Arruti ETAko presoa berriz 10:30 aldera irten da Herrera de la Manchako espetxetik. Bera ere 1986ko apirilaren 17an atxilotu zuten Oiartzunen eta 25 urteko zigorra bete du.
Bilduren zerrendak atzera botatzeko epea
Gobernuak eta Fiskaltzak ostegunera arte dute Bilduren hautagai-zerrendak atzera botatzeko, horretarako arrazoiak daudela uste badute.
Epe berri hori, hauteskundeen deialdia egin osteko "berrogeita laugarren egunean" bukatzen da; ostegun honetan. Gorenak hiru egun izango lituzke erabaki bat hartzeko.
Bilduk Auzitegi Konstituzionalaren babesa eskatuko balu berriro, Konstituzionalak erabaki bat hartu beharko luke maiatzaren 20ko 24:00ak baino lehen, gogoeta eguna hasi baino lehen, hauteskundeak baino lehen.